Santiagoko hondartza nola geratuko den erakusten duen fotomuntaketa. (Utzitakoa)
Zumaiako eta Getariako udalerrien artean dagoen Santiago hondartzako eremua berreskuratzeko lanak zein enpresak egingo dituen erabaki berri du Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak. Madrilek Gipuzkoan duen azpiordezkaritzatik adierazi dutenez, Abaldo S.A. enpresak gauzatuko ditu lanak, eta aurrekontua 1.139.215 eurokoa izango da. Esleipenaren kopurua hasieran aurreikusita zeuden 1,7 milioi euroak baino dezente baxuagoa da. Hondartzako lanak hemendik bizpahiru astera hasiko dituztela aurreikusi dute.
Egingo dituzten lanen artean daude: gaur egungo aparkaleku parean dagoen sarreran arrapala eta eskailera berriak egokitzea, zerbitzuen eraikina egitea, errepideko tunelera bitarteko eremuan pasabide bat egokitzea eta begiratokitik hondartzara sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikitzea. Horiez gain, Erdikohaitzeko berdegunean eserlekuak, edukiontziak, bizikletak uzteko aparkalekuak edota hankak garbitzeko iturriak ere jarriko dira, baita harmailak ere. Gaur egun dauden zenbait azpiegitura kendu egingo dituzte eta saneamendu sarea eraikiko dute.
Aski jakina da Santiagoko dunek duten garrantzia: Gipuzkoako kostaldean geratzen den duna sistema apurretakoa izateaz gain, Natura 2000 sarean sartuta dago, eta horiek zaintzea Urolako itsasadarraren planean jasota dago. Horren jakitun, egingo dituzten lanen barruan, ingurune horretako espezie inbaditzaile batzuk kendu eta gune hori biziberrituko dute.
"Hondartzarako irisgarritasuna berritzea eta hobetzea garrantzitsua da, baina baita ingurunearen balio naturala gordetzea ere, Gipuzkoan aurki daitekeen dunen gune bakarrenetakoa delako", adierazi du Gipuzkoako ordezkariordeak.
Sei hilabeteko epea
Lanak emateko sinatutako kontratuan adierazten denez, enpresak sei hilabeteko epea izango du Santiago hondartzako lanak egiteko. Hau da, aurreikuspenak beteko balira, hondartza garaian obrak abian izango dira Santiagon. Obrak urrirako amaituta egotea espero dute. Hori hala izanda ere, lanek irauten duten denboran hondartza erabiltzeko aukera izango dela azpimarratu dute azpiordezkaritzatik.
Zumaia eta Getaria artean
Santiago hondartzako eremua bi udalerriren artean banatuta dago: zati bat Zumaia da eta bestea Getaria. Bi herrien arteko muga zehatza non dagoen ez dute erabat finkatu. Orain egingo dituzten hondartzako lan hauek direla eta, iazko uztailean hitzarmen bat onartu zuten bi herrietako udalek. Hitzarmen honek 50 urteko iraupena izango du, eta, besteak beste, esaten du Zumaiako Udalak azpiegituren emakida hartuko duela. "Getariako Udalak, berriz, bere eskumenei uko egin gabe, emakidari uko egiten dio".