Gipuzkoa osotik etorritako jendea elkartu zen larunbatean Oikiako eskolan. (Oikia 2018)
Ekainaren 10a egun handia izango da Oikian eta, nola ez, Zumaia osoan. Egun horretan Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatuko da auzoan. Batzordeak dagoeneko bete-betean daude egun horretarako ekitaldiak antolatzeko lanean. Larunbatean, motorrak berotze aldera, ekitaldi berezia izan zuten Oikian, VIII. Jardunaldi Pedagogikoak egin zituzten auzoan.
Urtero, festa antolatzen den herrian bertan, Gipuzkoako Eskola Txikietako gurasoentzat Jardunaldi Pedagogikoak antolatzen dira. Aurtengo jardunaldietan Oikiako eskolak egin du gonbidatzaile lana eta kontu digitalak izan dituzte hizpide. Parte hartze zabala izan zuen auzoko eskolan egindako jardunaldiak.
Internetek eta sare sozialek bizimodua erabat aldatu dute, eta sare handiak gazteengan duen eraginak kezka ugari sortu ditu familien artean, eta baita irakaskuntzan aritzen direnen artean ere. Horren aurrean, gurasoek zer neurri hartu behar dituzten hitz egin zen, baita helduek duten ezagutza sakondu beharra ere arlo horietan. "Hamaika hari-mutur jarri zituzten mahai gainean ikastaroa ematera etorri ziren Amaia Romerok eta Eneko Tejadak, biak EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak", adierazi dute jardunaldien antolatzaileek.
Harremanak sendotzen
Gipuzkoa osotik joandako 40 lagun inguru bildu ziren Oikiako eskolan eta interes handia erakusteaz gain, eguneroko adibidez jositako parte hartze etengabea izan zen. "Horrelako hitzorduetan ohikoa denez, elkar ezagutzeko eta harremanak sendotzeko baliatu zuten kafe ordua, azken finean, Eskola Txikietako gurasoen sareak horixe baitu helburu nagusietako bat", aipatu dute Oikiako Eskola Txikien jaiaren antolatzaileek.