Ikusmen urritasuna duen norbaitek irudikatu al dezake olagarro bat? Bai, hamaika entzungo zuen burua eta zortzi erro dituela.Baina animalia hori nolakoa dela uste dute? Eta Geoparkearen eremuan dauden beste animaliak, landareak edo flyscha? Horri irtenbide bat eman nahian, Algorri Interpretazio Zentroak eta GKN Driveline Zumaia enpresak bat egin dute ezaguera hori, naturako aberastasun hori, ikusmen urritasuna dutenen esku ere jartzeko.
GKN Driveline Zumaia enpresak gizarte arloa lantzen du, bai lantegiaren barruan, baita handik kanpo ere. "Aurreko urteotan Aspanogi eta Adela elkarteen aldeko jarduerak gauzatu ditugu enpresan. Aurten, ingurumenaren gaia jorratu nahi genuen, eta Geoparkearekin jarri ginen harremanetan. Kosta garbitzeko ekitaldi batean parte hartu genuen, baina beste zerbait egiteko gogoa genuen, eta itsuentzako eskaintza sortzea proposatu zen", adierazi du Ianire Flores enpresako kideak.
Kanpainaren baitan sortutako materiala atzo, osteguna, aurkeztu zuten Txomin Oronoz GKN Driveline Zumaia enpresaren kudeatzaileak, Iñigo Zaldua giza baliabidetako buruak, Oier Korta Zumaiako alkateak, Leire Barriuso Euskal Kostako Geoparkearen kudeatzaileak eta Begoña Rivero Algorri interpretazio zentroko zuzendariak.
Zentroan egin diren ekintza berri horiek guztiak ONCE erakundearekin batera gauzatu direla azpimarratu zuen Riverok. "Eraikinean seinale berriak jarri dira, itsuekin pentsatuta. Algorritik jende asko pasatzen da, baina ez gara ohartzen hauek beste behar batzuk dituztela". Material berria ere sortu dute. Kostaldean aurki daitezkeen altxorren berri ematen duten lamina batzuk egin dituzte, braillez idatzita eta erliebezko irudiekin. Horiez gain, animalien eta landareen irudi batzuk ere sortu dituzte. Hala, eskuetan hartuta, bizidun horien nondik norakoak irudikatu ditzakete.
Egitasmoa aurkezteaz gain, ekitaldian parte hartu zuen itsu talde batek materiala erabiltzeko aukera izan zuen. Zentroko teknikariek azalpenak eman zizkien, haiek behatzekin irakurtzen zuten bitartean. Bukaeran, eskerrak luzatu zizkieten egitasmoa aurrera eraman duten denei