Floreaga auzoan aldapa ugari dago. (Ihintza Elustondo)
Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak borrokan ari dira, auzoko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. "Une honetan, auzoan dugun arazorik handiena da irisgarritasunarena. Floreagan aldapa handia dago, eta behetik goraino mugitzeak esfortzu handia eskatzen du. Mugikortasuna mugatuta dutenentzat, berriz, ezinezkoa da hori. Gainera, uste dugu arazoa handitzen joango dela, biztanleria zahartzen ari delako". Hala azaldu du egoera Iñaki Lopez Floreagako bizilagunak. Eusko Jaurlaritzak 2012an adierazi zuen Floreaga auzoak
"esku hartze beharra" zuela.
Errealitate horren aurrean, irisgarritasunaren gaia lantzeko batzorde bat osatu zuten auzoan, iazko irailean. Lopezek argi du zein den beraien eskaria: "Udal Gobernuko taldea eta gainontzeko alderdiak gaiaren inguruan kontzientziatzea eskatzen dugu, eta gaiari lehentasuna ematea". Arazoari "ahalik eta azkarren" konponbidea ematea nahi dute, eta horretarako behar diren elementu mekanikoak ezartzea: arranpak, igogailuak... "Teknikariek egokiena dela ikusten dutena; hori da eskatzen duguna". Aurtengo urtean egoeraren azterketa egingo duen enpresa bat kontratatzea eskatzen dute.
Udal Gobernuarekin nahiz udaleko gainontzeko alderdiekin elkartu dira dagoeneko batzordeko kideak. Besteak beste, iazko azaroaren 7an elkartu ziren Javier Zubizarreta alkatearekin, Miguel Angel Bastida hirigintza zinegotziarekin eta udaleko arkitektoarekin. Udal Gobernuko ordezkariek arazoaren ardura hartu zutela adierazi du Lopezek, eta "arazoa konpontzeko gogoa" azaldu zutela. Baina hitz onak izan zituzten arren, "inolako konpromisorik ez" zutela hartu ere esan du Lopezek. Haren arabera, Urbanue herri barruko autobusaz hitz egin zuten udal ordezkariek behin eta berriz: "Arazoaren irtenbidea autobusa dela esaten digute, baina guk ez dugu uste nahikoa denik, autobusak hainbat muga baititu". Azterketa tekniko bat egiteaz ere hitz egin zuten udal ordezkariekin, eta aldizka harremanak izatea ere adostu zuten. Dena den, gaur arte gaiaren inguruko berririk ez dutela izan adierazi du Lopezek.
Ez da kontu berria
Ez da kontu berria Floreagako irisgarritasunarena. Aurreko agintaldian, EH Bildu gobernuan zela, 2015ko aurrekontuetarako 500.000 euro bideratu zituzten Floreaga auzoan igogailua egin ahal izateko. Dena den, hauteskundeen ostean, EAJren egungo Udal Gobernuak proiektua gelditu egin zuen. Udal Gobernuak galdeketa bat egin zuen erabaki hori hartu aurretik, eta, Lopezen arabera, udal ordezkariek inkesta hori aipatzen dute erabakia arrazoitzeko. Lopezen esanetan, galdetegi hartan honako galdera hau egin zieten herritarrei: "Autobusa eta igogailua bateragarriak ez direla kontuan izanda, [ordurako Urbanue martxan zegoen], zer duzu nahiago; autobusa mantentzea eta igogailua ez egitea, edo autobusa kendu eta igogailua egitea?". Lopezen arabera, gehienek igogailua ez zutela nahi erantzun zuten, baina, haren ustez, galdera horrek erantzun jakin bat bilatzen zuen: "Horrela galdetuta, inork ez du esango autobusa kentzea nahi dutenik". Hark ez du uste bi proiektuak bateraezinak direnik. "Autobusak jartzen diren tokian ez dira trenak kentzen".
Martxoan gainontzeko alderdi guztiekin elkartu ziren Floreagako batzordeko kideak, eta denek harrera ona egin zioten gaiari, Lopezen esanetan. "Alderdi guztiek uste dute igogailua eta autobusa bateragarriak direla, eta gaia 2019ko hauteskunde kanpainak oprograman txertatzea aurreikusten dute". Hori bai, Lopezen esanetan, Udal Gobernua da gaiaren inguruan interes gutxien agertu duena: "Azkoitia Baik proposatu zuen gaiaren jarraipena egiteko batzorde bat sortzea udalean, baina EAJk ez zuen proposamena babestu".
Sinadura bilketa
Egoerari irtenbidea eman nahian, Floreagako bizilagunak sinadurak biltzen hasi dira. 15 urtetik gorako auzotarrek dute agiria sinatzeko aukera; guztira, 15 urtetik gorako 812 bizilagun dira auzoan. Bildutako sinadurak udalean aurkeztuko dituzte, eta alkatearekin biltzeko asmoa ere badute. Horrez gain, ez dute baztertzen udalbatzarren batean mozio bat aurkeztea gaiaren inguruan, ezta osoko bilkuretan beraien iritzia ematea ere.
Hona hemen auzoko irudi batzuk: