Amaierarik gabeko amesgaiztoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko api. 12a, 10:02

Astelehenetik Altsasuko zortzi gazte epaituko dituzte Madrilen. Larunbatean manifestazioa egingo da Iruñean. Gazte hauetako baten izeba Zumaian bizi da eta auziari buruz hitz egin du.

Amesgaiztoa 2016ko urriaren 15ean hasi zen, goizaldeko 05:00 aldera. Altsasuko (Nafarroa) herria bere feria eguna ospatzen ari zen, eta aipatutako orduan kalez jantzitako bi guardia zibilen, haien bikotekideen eta altsasuar talde baten arteko liskarra izan zen herriko taberna batean. Guardia zibiletako batek lesioak izan zituen txorkatila batean. Ondorengo bertsioak erabat kontrajarriak dira: ordu txikitan taberna batean izandako liskarra batzuentzat, gorroto eta terrorismo delitua fiskaltzarentzat. Altsasu auziagatik zortzi gazte epaituko dituzte astelehenetik aurrera, Madrilen, Entzutegi Nazionalean. Aurretik, larunbatean, manifestazioa egingo da Iruñean auzi honen inguruan benetako justizia eskatzeko. Zumaian, larunbat arratsaldean egingo da manifestazioa, Txosnek deituta. Lourdes Pozueta Adur Ramirezen izeba da, eta Zumaian bizi da. Ramirez auzipetuta dagoen zortzi gazte altsasuarretako bat da, eta Oihan Arranz eta Jokin Unamunorekin batera, espetxeratuta dago. Hau idatzi den egunean 513 daramatzate espetxean, oraindik aurkako epairik eduki gabe, edo hobe esanda, epaituak izan gabe. Astelehenean hasiko den epaiketan zer gertatu daitekenaren "beldur" dela adierazi du Pozuetak. "Argi dago hau dena amarru bat dela, eta hemen arrazoiarentzako lekurik ez dago. Gertatutakoaren inguruan hemendik kanpoko norbaitekin hitz egindakoan, hark erantzuten zuen, ezer gertatu ez bazen, justizia izango zela eta berehala askatuko zituztela. Baina hemen zentzugabekeria da nagusi. Batzuk kanpoan daude, besteak barruan utzi dituzte, eta hauei zigor bat bestearen atzetik ezarri dizkiete. Oso gauza arraroak ari dira gertatzen, eta epaiketan ez dakit zer gertatuko den, froga asko aurkezten utzi ez dietelako. Guardia Zibilaren bertsioa bakarrik hartu dute aintzat, eta defentsei beraien bertsioa aurkezten ez diete utzi. Epaiketa honetan edozer gauza gerta daiteke, eta beldurrez gaude", adierazi du. 50 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak gazte bakoitzarentzat, akusazio horrengatik ezarri daitekeen zigor handiena. "Fiskaltzaren bertsioak dio 50 lagun sartu zirela tabernan eta lau pertsona horiek jipoitu zituztela. Baina, tabernan ez dira 50 pertsona sartzen, eta defentsak aurkeztu nahi eta onartua izan ez den froga batek, tabernaren planoak, hori garbi erakusten zuen. Taberna batean gertatutako liskarra izan zen, bultzadak eta kolpe batzuk izan ziren, eta, pentsa, tabernan une horretan zeuden bezero batzuk ez ziren horretaz ohartu ere egin", dio Pozuetak. Hori hala izan bazen, nola daude bi bertsio hain kontrajarriak? Pozuetaren esanetan, Covite Euskal Herriko terrorismo biktimen kolektiboak, eta Estatu espainoleko hainbat hedabidek sortutako istorio bat da Fiskaltzak epaiketara eramango duena. Goizaldeko ordu txikietan gertatutakoaren berri eman du Pozuetak: "Nafarroako Polizia Foralak, gertakarien lekura agertu zenean, txostena egin zuen. Guardia Zibila ere han zen. Lesioak eta autoritatearen kontrako delituak azaltzen ziren txostenean. Gau horretan bertan bi gazte atxilotu zituzten. Bat liskarraren ondoren gertuko taberna batean zegoen eta Guardia Zibileko tenienteak aginduta atxilotu zuten. Haren askatasuna eskatzeko Polizia Foralaren komisaldegira jendea hurbildutakoan gertatu zen bigarren atxiloketa". Terrorismo zantzurik ez Gertaeren hurrengo ordu eta egunetan, gau hartan tabernan izan ziren guardia zibilei eta beraien lagunei deklarazioa hartu zieten. "Sendagile forentseak esan zuen lesioak ez zirela larriak, eta halaxe amaitu zen. Handik egun batzuetara beste bertsioa hasi zen zabaltzen: 50 lagun sartu zirela tabernan eta guardia zibilak eta haien bikotekideak jipoitu eta ia hil egin zituztela. Nafarroako Epaitegi Probintzialak ebazpen bat argitaratu zuen; arrazoitze juridiko sakona egin zuen, eta ondorioztatu zuen terrorismoren zantzurik ez zuela kasuak. Gauza bera esan zuen Baltasar Garzon epaile ohiak. Baina, badago jende bat indarkeriaren gaia amaitzea ez duena nahi, eta orain guri tokatu zaigu, gaur egun txiolari, abeslari edo aktore batzueri gertatu zaien bezala". Gazteen atxiloketak eta astelehenean Madrilen hasiko den epaiketa gazte mugimenduak zapaltzeko "amarru" bezala ikusten dute auzipetutakoen gurasoek eta Altsasuko hainbat gizarte eragilek. "Sormen handiko mugimenduak daude, baketsuak direnak, eta bilerak eta debateak antolatzen dituztenak. Horiek batzuek ez dituzte gustuko". Autobusak Iruñera Larunbatean, 17:30etik aurrera Iruñean egingo den manifestaziora joateko autobusak antolatu dira Urola Kosta eskualdean. Zarauztik aterako den autobuserako izenak Eguzkin, Arranon eta Putzuzulo gaztetxean eman daitezke. Azpeititik ere abiatuko da beste autobus bat, baita Azkoititik ere. Azpeitiko kasuan, izena eman behar da Orkatzen, Jim Clarken eta Urola Expresen eta Azkoitian Zakelan, Zurten eta Etxe-Aitzen. Zumaian santelmoen repetizioak ospatzen egongo dira, eta herrian bertan egingo da Txosnek deitutako manifestazioa, 19:00etan hasita.

"Adur indartsu dago eta horrek lasaitzen gaitu"

"Diote Adurrek [Ramirez] arrosa koloreko kamiseta bat zuela jantzita. Bera Erasmuseko agur batean zegoen. Egun horretako ETBko bideo bat dago, pilota partida batena, eta han agertzen da Adur beltzez jantzita. Froga hori aurkeztu nahi izan dute, baina ez dute onartu", azaldu du Pozuetak. "Beraien izenak El Mundon argitaratu zirenean, asaldatuta, Nafarroako Auzitegi Probintzialean aurkeztu ziren bera eta beste gazteak. Epailea ez zegoenez, beraien jokaera idatzia geratu zen. Atxilotzera joan zirenean, poliziek ez zuten epailearen baimenik, eta ezin izan zuten etxean sartu. Bere kabuz Entzutegi Nazionalean aurkeztu zen. Lamela epaileak handik bi egunetara bueltatzeko eskatu eta etxera bidali zuen, azkenean, baina, espetxean amaitu zuen Adurrek". Iazko udazkenera arte, Soto del Realen egon dira espetxeratuta Altsasuko hiru gazte. "Udazkenean baimendutako martxa bat egin zen espetxera. Adur leihora atera zen eskerrak ematera, eta horregatik zigortu egin zuten; inkomunikatu egin zuten. Zigorraren ondoren, helegitea aurkeztu zuen, eta onartu zuten zigorra neurriz kanpokoa izan zela". Ramirez orain Aranjuezeko espetxean dute preso. "FIES tratamendua ezarri diote, eta esan daiteke, kartzelaren barruan beste kartzela batean dagoela. Musika irakasle ikasketak egin ditu, baina ezin ditu praktikak egin espetxean; preso arruntek badute musika gelara joatea, baina Adurrek ez. Orain, zuzenbide ikasketak egiten ari da. Goizetan jaiki, kirola egin, irakurri eta ikasi egiten du. Hala igarotzen ditu egunak. Lehen hilabeteak oso gaizki pasatu zituen, ezin zuelako sinetsi zer gertatzen ari zen. Baina orain indartsu dago. Lotarakoan epaiketa egunarekin amets egiten duela esaten digu, han egia esango duela. Hain osoa ikusten dugu, gu ere animatu egiten gaituela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide