Nagusia 80 eraikinari gaur kendu diote estalkia. (Ihintza Elustondo)
Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, datorren astean hasiko dituzte Nagusia 80 edo Idiakez Ederra eraikina barrutik husteko lanak. Aste honetan bertan langileek aurretiazko lan batzuk egin dituzte; besteak beste, obretarako ateak jarri dituzte eta fatxada nagusia ezkutuan uzten zuen estalkia kendu dute. Datorren astean, berriz, eraikin barruko hondakinak kenduko dituzte, behin-behinekoz etxearen estalkia babestuko dute urik sar ez dadin, eta arriskutsuak izan daitezkeen zuloak eta tarteak ziurtatuko dituzte. Lanak Txikerra enpresari esleitu dizkiote 130.855 eurotan, eta obrek hiru hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.
Datozen asteetako lanen bidez, hustuta geratuko da etxea, hurrengo lanak hasteko prest. Hortik aurrera, Visesak erabakiko du noiz hasiko den etxeak eraikitzen. Izan ere, hamalau Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikiko ditu Visesak bertan. Udalak erakunde horri prozesua azkartzeko eskatuko diola azaldu du. Horrez gain, erretiratuen etxea eraikiko dute eraikinaren beheko lokaletan.
Obrek trabak eragingo dituzte, baina horiek "ahalik eta gutxien" izateko "ahalegin guztiak" egingo dituela adierazi du udalak. Hasiera batean, Kale Nagusia zabalik mantenduko dute trafikoarentzat; izan ere, obra hondakinen edukiontziak Jesusen Bihotz Agurgarri plazan jarriko dituzte, eta garabiak plazatik egingo du lan. Momenturen batean Kale Nagusia itxi behar bada, parrokia aurreko biribilgunerantz bideratuko dituzte ibilgailuak.
Azkoitiko udal ordezkariak, estalkia kendu duten unean. (Azkoitiko Udala)
Prozesu luzea eta konplexua
Soka luzea ekarri du Nagusia 80 eraikinaren kontuak herrian. 2001ean hasi ziren eraikinaren zatiak erortzen, eta, 2005ean, eraikin horretako bizilagunek beren etxeetatik atera behar izan zuten, eraikina "erortzeko arriskuan" zegoelako. Udalak aldundiari eman zion egoeraren berri, eta aldundiak eraikina "hondamendi egoeran" zegoela jakinarazi zuen. Orduan, eraikina botatzeko baimena eskatu zion udalak Eusko Jaurlaritzari, baina, urtebeteren ostean, eraikinaren bi etxaurreak mantendu egin behar zirela adierazi zuen jaurlaritzak. 2009an udalak aldamioak jartzea erabaki zuen, eta, orduz geroztik, arazoari irtenbidea bilatu nahian aritu da udala.
EAJ 2015eko ekainean iritsi zen Udal Gobernura, eta udalaren arabera, haiek hartutako "lehen erabakia" izan zen Idiakez Ederra etxea 2009az geroztik sostengatzen zuen aldamioa erostea. Udalak 6.027 euro ordaintzen zituen hilero aldamioaren alokairuagatik, eta galera ekonomiko horri amaiera jartzeagatik erosi zuen udalak aldamioa. Aldi berean, udala jabeekin negoziatzen hasi zen, eta udalaren arabera, "lan konplexua" izan zen hori, inplikatutako alderdiak asko zirelako.
2016ko irailean sinatu zuten aurreneko etxejabeek eraikina udalari emateko hitzarmena; akordio horren bidez, jabetzaren %40 eman zioten udalari. Aldi berean, udalak Visesarekin adostu zuen babestutako etxeak egitea Idiakez Ederra etxean, eta Visesaren administrazio kontseiluak 2016ko urrian izenpetu zuen erabakia. Eraikinaren jabetza osorik udalaren esku 2017ko apirilean
geratu zen, jabegoa zuen azken familiak hitzarmena sinatuta.
Javier Zubizarreta alkatearen esanetan, prozesua "luzea" izaten ari da, "izugarrizko sukalde lana" zegoelako proiektuaren atzean. "Kanpotik fatxada bat eta aldamioak bakarrik ikusten dira, baina oinordetzan jaso genuen egoera desblokeatzeko, etxearentzat irtenbide bat bilatzeko eta birgaitze prozesua abian jartzeko, Idiakez Ederrari eskaini behar izan diogun denbora ez sinestekoa da. Baina, pixkanaka, aurrera doa kontua. Egia da oraindik itxaron egin beharko dugula Visesa babestutako etxebizitzak eraikitzen hasi arte, baina dena itxita eta adostuta dago. Etxebizitzak eraikiko dira, eta azpian, pertsona nagusiei zuzendutako gunea kokatuko da".