Egun osoan arituko dira jaurtialdiak egiten Lubaki kiroldegian . (Ibai Artetxek utzitakoa)
Filmeetatik eta telesailetatik kanpo, horren ezaguna ez den kirol mota bat bertatik bertara ikusteko aukera izango da asteburuan Zumaian. Igandean, Euskadiko arku tiroko txapelketa jokatuko dute Lubaki kiroldegian, eta bertan Euskal Autonomia Erkidegoko 85 arkulari leĀhiatuko dira nor baino nor.
Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritako arkulariak elkartuko dira Zumaian. "Txapelketa hartzen duen herrialdea txandakatu egiten da urtero. Herrialde bakoitzak hiru urtean behin antolatzen du, eta, gauzak errazteko, heltzeko erraza den lekuak aukeratzen dira", adierazi du Ibai Artetxe arkulari zumaiarrak. "Aukera bat Elgoibar zen, baina orain aste batzuk txapelketa bat jaso zuen. Zumaia aukeratu da heltzeko erraza delako, baita kiroldegiak kantxa handia duelako ere", gaineratu du. Udaberriko saioak ez bezala, zelaietan eta basoetan egiten direlako, txapelketa hauek teilatupean jokatzen dira.
Bi arku motarekin egingo dira jaurtiketak: arku olinpikoarekin eta poleadunarekin. Bakarkakoan txapelketa orokorra jokatuko dute, baita junior mailako arkulariena eta gaztetxoena ere. "Gaztetxoak 16 urte artekoak dira; juniorrak, berriz, 16 eta 20 urte bitartekoak", dio Artetxek.
Hirugarren txapelketa bat ere izango da: taldekakoa. "Txapelketa honetan parte hartzeko taldeak klub bereko hiru lagunez osatutakoak izan beharko dute. Ni poleadun arkuarekin aritzen naiz, eta nire taldeko bakarra naizenez, ezingo dut taldekako txapelketan parte hartu", jakitera eman du.
Ituak Lubakiko horma handitik hurbil jarriko dituzte, eta ikusleek txapelketa harmailetatik jarraitzeko aukera izango dute. Arkulariak, berriz, 18 metroko distantziatik arituko dira geziak jaurtitzen. Ez dute lan erraza izango ituaren erdian asmatzea, kontuan hartuta puntuak euro baten tamaina duela.
Goizez eta arratsaldez
09:30ean hasiko dira saioak, banakako sailkatze txandaren hasierarekin. Arkulari bakoitzak 60 gezi jaurtiko ditu, hamar jaurtialdiko bi txandetan; hiru gezi botako ditu jaurtialdi bakoitzean. 12:15ean kanporaketak hasiko dira. Lehen fasean sailkatu direnak pasatuko dira hona, eta buruz buru arituko dira binaka. Modalitate bakoitzak bere puntuaketa mota duela dio Artetxek: "Arku olinpikoan puntuazioa set moduan egiten da, eta poleadunetan puntuaketa normala". 15:15ean banakako finala jokatuko da. Lehenengo laurek hartuko dute parte, eta puntuazioa aurreko faseko berea izango da.
Ondoren, 16:15ean, taldekako txapelketari ekingo diote. Klub bereko hiru arkulari arituko dira, eta puntuazioak banakako berak izango dira. Finala 17:00etan jokatuko dela aurreikusten da.