(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Eskolako Agenda 21 programak hamabost urte beteko ditu aurten. Aurtengo edizioan, iaz aztertzen hasitako gaia sakontzen ari dira herriko ikasleak, hain zuzen ere, klima aldaketaren gaia. Oraingoan, klima aldaketak osasunean duen eragina aztertzen ari dira.
Ikasleek iaz ikusi zuten egunero pentsatu gabe egiten ditugun ekintza gehienek ingurumenean eragina dutela: autoan ibiltzeak, elektrizitatea kontsumitzeak, hondakinak sortzeak, ura gastatzeak… Ikasi zuten horiek guztiek arrastoa uzten dutela planetan. Herriko zaharrenekin hitz eginez, konturatu ziren azken urteetan eguraldia aldatzen ari dela. Besteak beste, lehengo elurteak amaitu direla eta giroa gero eta epelagoa dela konturatu ziren.
Azkoitiko Floreaga ikastetxean eta Azkoitia BHI Ikastolan, gaia aztertzeaz gain, gizakiak klima aldaketan duen eragina murrizteko kontuan izan beharreko praktika onak martxan jartzen ari dira, udalak azaldu duenez. "Bakarrik ixten diren txorrotak jarri dituzte, led argiak, zenbait lekuetan argi sensoreak daude, berogailuak erregulatzeko sistemak jarri dituzte, erosketa 'berdea' egiten dute, hondakinen gaikako bilketa zorrotz betetzen dute, paperaren kontsumoa murrizten ari da, bertako elikagaiak sustatzen dituzte, konposta egiten dute…".
"Eskoletan ohitura onak finkatzen diren heinean, ikasleen etxeetan ere jarrera egokien zipriztinak nabariak dira", udalaren arabera. "Pixkanaka, gazteengandik abiatuta, herritar guztiok ingurumena zaintzeko jokabideak geureganatu eta zabaldu behar ditugu", erantsi du.