Ekintza ugari izan dira aurten Azkoitiko Floreaga ikastetxean Don Boscoren festa ospatzeko. Urtarrilaren 25ean, Alvaro Neil
Biciclown izan zen DBHko ikasleekin hitz egiten. Hark munduari bira eman dio bizikletaz; 14 urtean, 200.000 kilometro egin ditu bidean. Antolatzaileen arabera, "oso interesagarria" izan zen bideoa ikusi eta haren hausnarketak zuzenean entzutea.
Hurrengo egunean, Sergio Gomez izan zuten bisitan. Gaixotasun arraroen ikerketarako diru bilketa egiten aritu da urte luzez, tapoiak biltzen, eta, martxoan,
Azpeititik Vatikanora bizikletaz joango da. LHko ikasle eta irakasleei gaiaren inguruan "sentsibilizatzeko" balio izan zien hark eskainitako saioak. Hilaren 27an, berriz, Don Boscoren omenezko afaria egin zuten Joseba jatetxean; guztira, 35 lagun elkartu ziren bertan. Hurrengo egunean, ikasle ohien
Batasunaren Festa izan zen.
Urtarrilaren 29an, DBHkoentzat bertso saioa eskaini zuten Aitor Sarriegik eta Alaia Martinek. "Asko gozatu" zuten Don Bosco aretoan bildutako guztiek, antolatzaileen esanetan. Bi bertsolariak ia isildu gabe aritu ziren ordubete baino gehiagoan. "Ondo moldatu ziren ikasle gazteen egoerara".
Bestalde, hilaren 30ean, Jokin Linaza izan zen Floreagan. Udan Kolonbian izan zen boluntario, Medellineko Don Boscon. Bere esperientzia partekatu zuen han bildutakoekin, eta "mundu hobe baten alde aritzera" gonbidatu zituen, "ahal duten neurrian". Arratsaldean, Txan Magoa izan zen Baztartxon, Haur Hezkuntza eta LH6 bitarteko ikasleak izan ziren bertan, eta aretoa ia goraino bete zuten. "Ikuskizun bikaina izan zen", antolatzaileek azal du dutenez.
Amaitzeko, atzo, hilaren 31n, Don Bosco eguna ospatu zuten eskolan. Eskolara joan ziren ikasleak, baina ez zituzten saio normalak eman. Goizean elizkizunak izan ziren, eta, egunean zehar, berriz, filmak eta txapelketak izan zituzten.
Hona hemen astean zehar hartutako irudiak:
(Argazkiak: Floreaga ikastetxea)