Azkoitiko Udala: "Tabernarien interesekin ez du zertan bat etorri udalak"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urt. 26a, 11:13

Um Blem Ble tabernarien elkarteak kontzertuak antolatzeko ordaindu duen bermea dela eta kexa azaldu du, eta adierazpen horiei erantzun die Azkoitiko Udalak. Udalak gogorarazi du ordenantza batean jaso zela berme hori ordaintzea: "Ordenantza horrek, besteak beste, gaueko aisialdiaz gozatu nahi dutenen eta atseden hartu nahi dutenen eskubideen arteko oreka bilatzea du helburu".

Azkoitiko Kale Nagusian daude herriko taberna gehienak. (Ihintza Elustondo) "Ikusita Um Blem Ble tabernarien elkarteak zabaldutako mezuen ondorioz gaizki ulertuak egon daitezkeela", Azkoitiko Udalak azaldu du "tabernariei eskatzen zaiena bermea" dela. Kontzertuak amaitzean, udalak adierazi du hilabeteko epea izango duela jarri duten dirua tabernariei bueltatzeko. Espazio publikoen erabilera eta ikuskizun publikoen antolaketa arautzen duen ordenantzak jasotzen du fidantzaren eskaera. Udalaren arabera, ordenantza hori, "tabernariek ondo dakiten bezala, partaidetza prozesu baten emaitza da eta erakusketa publikoan egon zen edonork nahi zituen ekarpenak egin zitzan. Udalak hainbat bilera egin zituen tabernariekin eta beste hainbat talderekin eta herritarrekin. Behin betiko ordenantza onartu aurreko zirriborroak ere denen esku jarri zituen udalak ekarpenak egiteko. Prozesu luze baten ondorioa da". Udalak azaldu du ulertzen duela "eskubideak eta betebeharrak batera" doazela, "jendetza biltzen duen edozein jarduerak arriskuak dituelako eta alde bakoitzak bere erantzukizuna duelako, bai udalak eta bai antolatzaileek". Haren esanetan, "gauza bera gertatzen da kirol jardueretan eta beste edozein antolakuntzatan". Udalak azaldu duenez, kontzertu bat antolatzeko, "nagusiki hiru gauza" aurkeztu behar dituzte tabernariek. Batetik, ikuskizunaren eta jardueraren memoria laburra, zer izango den azalduz. "Udalak jakinaren gainean egon behar du beharrak zeintzuk diren aztertzeko; agertokia, esaterako, udalak ipintzen du". Aseguru zibilaren ziurtagiria ere aurkeztu behar dute, eta, hirugarrenik, fidantza. "Fidantza hori aforoaren arabera finkatu da. Behin kontzertua eta gero, dena ondo joan bada, hilabeteko epean bueltatuko da. Udala ez da diru horrekin geratzen. Fidantzak aseguru zibiletik kanpo geratzen dena estaltzeko balio du, zerbait gertatuz gero". Bestetik, Jon Ander Larramendi Um Blem Ble tabernarien elkarteko kideak UROLA KOSTAKO HITZAn egindako adierazpenen harira, udalak honakoa azaldu du: "Tabernarien interesekin ez du zertan bat etorri udalak". Udalak esan du "herritar guztiak" hartu behar dituela kontuan erakundeak: haur, gazte, heldu, tabernari, dendari, enpresa, autonomo... Eta gehitu du, "ordenantzaren izateko arrazoia azpimarratzekoa" dela: "Ordenantza horrek, besteak beste, gaueko aisialdiaz gozatu nahi dutenen eta atseden hartu nahi dutenen eskubideen arteko oreka bilatzea du helburu". Ordenantza horren lerro nagusiak honako hauek dira, udalak argitu nahi izan duenez: 1.- Espazio publiko zein barruti pribatuetan aldian behin antolatzen diren aisialdi jarduerak eta ikuskizun publikoak arautzea. 2.- Bizilagunek atsedena hartzeko duten eskubidea bermatzeko jardueren antolatzaileei osasungarritasun, segurtasun eta garbitasun betebeharrak betearaztea. Garbitasunarekin eta osasunarekin lotuta, kale publikoetan pertsonen jokaera desegokiak ere arautzen ditu. 3.- Droga mendekotasunaren inguruan hainbat neurri ezartzen ditu indarrean dagoen legedia bermatzeko, espazio publiko zein pribatuetan kontsumitzeari dagokionez. 4.- Arau hausteak eta zigorrak zehazten ditu, indarrean dagoen legedia eragotzi gabe. 5.- Ostalaritza guneak beren instalazioak zarataren esparruan indarrean dagoen araudira egokitzeko erregimen iragankorra arautzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide