Ezkerretik hasita, Asier Hormaza, Dorleta Urretabizkaia eta Josean Bengoetxea. (Ados Teatroa)
Komedia zoro bat eta fantasiaren mundurako bidaia bat. Genero horietako bi antzezlan ikusteko aukera izango da asteburuan Zumaiako Aita Mari aretoan, neguko antzerki saioen hiruhilekoaren hasieran. Ostiralean Ados Teatroa konpainiaren Idiot txou antzezlana izango da, 22:00etan, eta, igandean,
Alizia lurralde miresgarrian haur antzerkiaren bi saio, 12:00etan eta 16:30ean. Bi saioetarako sarrerak aurrez salgai daude Zumaiako Turismo Bulegoan: ostiralekoak 9,5 euroan (6 euroan Gazte Txartelarekin), eta igandekoak 4 euroan.
Garbi Losadak idatzi eta zuzendutako antzezlana da ostiralean Zumaian egingo dutena. Asier Hormazak, Dorleta Urretabizkaiak eta Josean Bengoetxeak osatzen dute aktore taldea. Bi esatarik eta teknikari batek zuzeneko irratsaio bat egingo dute antzokitik zuzenean. Irratsaioak audientzia arazo larriak izango ditu, entzuleek apenas deitzen dutelako. Dena den, protagonistek entretenimendurako tarte bat izatea nahiko dute, arazorik gabe, audientzia lortu eta kaleratzea saihestuko diena. Baina, inork ez duenez deituko, aukera bakarra geratuko zaie: antzokiko ikusleekin hartu-emana izan eta entzule faltsuen rolak hartuz telefono deiak jasotzen ari diren itxurak egitea, irratsaioaren betetze lanetarako sikiera.
Haur antzerkia, igandean
Haurrek ere izango dute antzerkiaz gozatzeko aukera. Hala, igandean, 12:00etarako eta 16:30erako,
Alizia lurralde miresgarrian antzezlanaren bi emanaldi iantolatu dituzte Aita Mari aretoan. Lewis Carrollek sortutako ipuinaren antzerkirako moldaketa da hau. Ipuin klasikotik abiatuta, gaur egungo haurrei zuzenduta, ikastearen edertasunaz eta beharraz arituko da antzezlana. Kantua, dantza eta antzerkiarekin Alizia neska gazteak hainbat pertsonaia xelebre eta dibertigarri ezagutuko ditu. Haiei esker onartuko du, eskolan erakusten dioten bezala, matematika, ingurugiroa, elikadura eta hizkuntzak ikasteak sekulako onurak ematen dituztela.
Martxoaren amaiera bitartean beste lau antzezlan izango dira: helduentzako
Oxido (otsailak 17),
Hysteria (martxoak 2) eta
Ahora (martxoak 9), eta haurrentzako
Jon Braun (martxoak 4). Horiez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen
Borobilean ikuskizun berria otsailaren 12an izango da Zumaian, eta Oskarbi musika taldearen kontzertua otsailaren 23an.
Zalantzarik ez da Joaquin Phoenix estatubatuarra gaur egungo zinemagintzako aktore onentsuenetakoa da. Antzezten dituen pertsonaietan urtzen den aktorea da
The Master edo
Her maisulanetako protagonista. Eta hala egiten du ostegun honetan Aita Mari aretoan ikusteko aukera izango den You Were Never Really Here (En realidad, nunca estuviste aqui) indartsuan ere.
Lynne Ramsay zinemagile eskoziarraren azken lanarekin hasiko du Ostarrenak zineforumeko neguko hiruhilekoa. Iazko Cannesko zinema jaialdian aurkeztu zuten pelikula hori, eta gidoi onenaren saria jaso zuen. Udazkenean, Donostiako Zinemaldian erakutsi zuten, Perlak sailean. Phoenix Joe da pelikula honetan, Gerrako beteranoa eta pertsona bakartia eta bortitza. New Yorken bizi da amarekin, eta sexualki esplotatutako emakumeak askatzen ditu, sikario gisa. Ez du lagunik, ezta maitalerik ere, eta bitartekari batek ematen dio enkarguen berri.
Egun batean, politikari ospetsu baten alaba gaztea askatzeko eskaera jasoko du, bahitu egin baitute. Enkargua espero baino gehiago zailduko da, ordea. Film bortitza da, iluna oso, baina soinuaren diseinuak eta Phoenixen interpretazioak ez dute inor epel utziko.
Biharko saioa 22:00etan hasiko da, eta sarrerak 5 euro balioko du.
Martxoaren amaierara bitartean beste bost film emango ditu Ostarrenak: urtarrilaren 25ean
Loving Vincent, Vincent Van Gogh artistan oinarritutakoa; otsailaren 8an, Anahi Berneri argentinarraren
Alanis; eta, martxoaren 22an, Yorgos Lanthimos grekoaren
El sacrificio de un ciervo sagrado. Martxoaren 8an
Su mejor historia emango dute eta 22an
El tercer asesinato.