13,6 milioi euroko aurrekontua onartu du udalak 2018rako

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko urt. 5a, 09:26

EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu dira aurrekontuak. Kirol Patronatuak beste 1,3 milioi euroko aurrekontua du

2017ko azken plenoan onartu ziren 2018ko udal aurrekontuak. (Juan Luis Romatet) 13,6 milioi euro (1.634.820 euro) izango ditu Zumaiako Udalak aurtengorako, 2017an baino 675.781 euro gehiago. Kopuru horri Kirol Patronatuaren 1.336.779 euroko aurrekontua gehituta, aurrekontu bateratua 14.385.599 eurokoa izango du udalak. Mari Cruz Alvarez ogasun zinegotziak azaldu zuen Udal Gobernuak (EAJ) proposatutako aurrekontua. "Zumaiarrak ardatz hartuta, herritarren bizi kalitatea hobetzea eta bermatzea lehenetsi" dutela adierazi zuen. Aurtengo udal aurrekontuetan jasotako zenbait programa "berritzaileren" berri ere eman zuen Alvarezek: Nagusien behatokia, Memoria tailerra, Gazte on programa, Atorgune eta abar. Proposatutako aurrekontuak arlo gehienak "ukitu eta indartzen" dituztela ere adierazi zuen: "Gizarte zerbitzuak, hirigintza, gazteria, berdintasuna, kirola, mugikortasuna, irisgarritasuna, hezkuntza, euskara, turismoa, kultura, ingurumena...". Horrez gain, udalak aurreko urteetan jarritako helburuei ere segida ematen die, Ogasuneko zinegotziaren arabera: "Tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, gizarte beharrei erantzuna ematea, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak bermatzea eta bizi kalitatea hobetzea, Zumaiako eraikin publikoak mantentzea eta berriztatzea, kaleen mantentzea eta garbiketa, parkeak, lorategiak, argiteria publikoa… Hau da, zumaiarren beharretara egokitutako herria eraikitzea da helburu nagusia, beti ere, udal baliabideak eraginkortasunez eta zuhurtziaz kudeatuz". Bi milioi inbertsioetarako Aurrekontuen %15,34 bideratuko da inbertsioetarako: 2.090.969 euro. Horiei Santiago hondartza eta inguruko eremua egokitzeko Espainiako Gobernuko Kosta Zuzendaritzak bideratuko dituen 1,7 milioi euroak gehitu behar zaizkie. Zumaiako Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrerako 40.000 euro gordeko dira aurten, baina datozen urteetarako konpromisozko kredituak izendatu dira (136.337 euro urteko) eta, orokorrean, 450.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi du udalak. Hirigintzako azterlanetarako (Patxita Etxezarretako berrurbanizazioa, Santiagoko saneamendua eta ur hornidura, Marianton haur parkearen proiektua eta obra zuzendaritza...), 160.705 euro aurreikusi dituzte. Mugikortasun eta irisgarritasunaren atalerako, 625.367 euro gordeko dira: San Jose kaleko igogailua eraikitzeko, Larretxoko igogailua jartzeko proiektua idazteko, aparkalekuen erregulaziorako, ibaiaren garraio zerbitzua bikoizteko eta Txu-txu trena jartzeko. Aparkaleku sistema herri osora zabaltzeko, berriz, 356.760 euro aurreikusi dituzte. Emendakinak Aurrekontuak bozkatu aurretik, EH Bilduk aurkeztutako hiru emendakin aztertu zituzten udal ordezkariek. Hasteko, Urola Kostako Hitza hedabideak jasotzen duen dirulaguntza 17.000 eurotik 20.000ra igotzea eskatu zuen EH Bilduk. Bigarren emendakin batean, berraztertze prozesuan dagoen Udalbiltzarentzat 10.000 euro gordetzea jaso zuten; eta, hirugarrengoan, Alokairu Beka aurrekontu proiektuan aurreikusitako 63.000 eurotik 100.000ra igotzea eskatu zuten. Hiru emendakinak atzera bota zituzten: EH Bildukoek aldeko botoa eman zuten (6), baina EAJk (6) eta PSE-EEk (1) ezezkoa. Aurtengo udal aurrekontua erabakitzeko botoa emateko orduan, PSE-EEko Arritxu Marañon zinegotziak aldeko botoa eman zuen, "Udal Gobernuarekin gauzak lantzeko aukera izan da. Aurrekontu kontinuistak dira eta nahiko sozialak. Garrantzia ematen zaio Gizarte Zerbitzuen sailari, baita hezkuntzari ere. Aparkamenduen sistemarekin jarraituko da, herri guztira zabalduta, eta inbertsioak ere jasotzen dira. Ea gauzatzen diren". EH Bildu, ordea, abstenitu egin zen: "Aurrekontuak lantzerako orduan erabilitako prozeduragatik". Joseba Azpiazu zinegotziak egindako irakurketan, EH Bilduk aurkeztutako proposamen batzuk onartu izana txalotu zuen, eta proposamenean jasotzen ziren inbertsio batzuk zentzuzkoak zirela ere adierazi zuen. Plenoaren amaieran, baina, Alex Oliden EH Bilduren udal bozeramaileak aurrekontuak onartzeko prozedura salatu zuen: "Abenduaren 12an aurkeztu zitzaizkigun aurrekontuak eta abenduaren 20a arte genuen lantzeko aukera, 21ean diktamena aurkeztu behar zelako. Gure iritziz, epe horretan lanketa handirik ezin da egin. Batzordeak biltzea eskatu genuen, baina, kasu batzuetan ez dira bildu. Horregatik, abstenitu egingo gara".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide