Infernua ordu eta erdira

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abe. 22a, 10:02

Zuberoako mugan egon zen Gurseko kontzentrazio eremuaren inguruko erakusketa zabaldu dute Oxforden. 6.500 euskal herritar egon ziren eremu horretan Gerra Zibila amaitu zenean

Alejandro Santos Erkibeko Joseba Esnalekin erakusketan. (J.L. Romatet) Zuberoako mugan zegoen Gurseko kontzentrazio eremua historiaren laino edo lokatz artean galdutako gaia da. 1939an zabaldu zuen Frantziako armadak Gerra Zibilaren amaieran muga zeharkatu zuten Euskal Herriko, Errepublikako eta Brigada Internazionalistetako gudariak bertan barneratzeko. Sei urte geroago itxi zuten eta, lotsarengatik-edo, haren historia ezkutatu nahi izan dute. Azken hamarkadatan eremu horren historia berreskuratzeko lanak abian jarri dira. Memoria historikoa berreskuratzeko lan horien artean dago herenegun Alondegiko Oxford aretoan zabaldu zuten Gurs experiences erakusketa. AskatasunArte taldeak abian jarritako proiektua da hau: panel informatiboak, argazkiak eta Gurseko eremutik pasatu zirenen bizipenak jasotzen dituzten bideoekin osatuta dago. Erakusketa urtarrilaren 7ra arte egunero egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara. 1939an, Gerra Zibilaren amaierako pandemoniumean, 500.000 pertsona inguruk zeharkatu zuten Frantziako muga. Frantziarrek ez zituzten, ordea, eskuzabalik hartu. Kataluniatik pasatu zirenen kasuan, gizonezkoak hondartzetan utzi zituzten, eta emakumeak eta haurrak barrualdeko herrietara eraman zituzten. Euskal Herriko Iparraldean eta Biarnon zeuden gudariak, berriz, Gursen zabaldu zuten eremu batera eraman zituzten. "Beraien jaioterrietara hurreratzeko sartu zituztela pentsatzen zen, baina zenbait pertsona eremua zabalik izan zen sei urteetan bertan izan zen", adierazi du Alejandro Santos AskatasunArte taldeko kideak eta Gurs, un recuerdo desde el olvido dokumentalaren egileak. Hasieran, 18.000 pertsona sartu zituzten Gurseko kontzentrazio eremuan; kalitate kaskarreko barrakoietan eduki zituzten. "Euskal gudariak eta Errepublikako, abiazioko eta Brigada Internazionalistetako soldaduak sartu zituzten hasiera hartan". 1940an, naziak Frantzian sartu zirenean, ultraeskuindarrentzat "jendilaje" bezala ikusten zituztenak ere sartu zituzten: Errepublikako soldaduen familiak, juduak, komunistak, masoiak, librepentsalariak, eta abar. Gizateriaren pasarte ilunenetako baten parte ere bada Gurseko kontzentrazio gunea: naziek Azken Konponbidea, juduen hilketa masiboa, abian jarri zutenean, Gursetik irtendako konboiek Auschwitzen amaitu baitzuten. Berez, Gursen ez zuten sarriskirik egin, "baina, hotzagatik, goseagatik edo baldintza txarrengatik 12.000 pertsona hil ziren bertan". Horrek, eta eremu honek historia liburuetan apenas lekurik ez duela ikusteak, sutan jartzen du Santos. "Pentsatzea hemendik ordu eta erdira jendea sufritzen eta hiltzen ari zela...", dio hasperen batekin. Santosen ustez, Gursek zer ikusi handia du Euskal Herriarekin. "Alde batetik, gure familiarteko asko bertan barneratuak egon zirelako. Bestetik, gugandik hurbilena dagoen kontzentrazio eremu bat delako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide