Ongintzazko dantza saio bat prestatu dute Astinduk eta Korrontzik

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abe. 20a, 09:44

Emanaldia Maria eta Jose ikastetxeko aretoan izango da hilaren 29an, eta sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan. Vass San Filippo erakundearentzat izango da bildutako dirua

Astinduko eta Korrontziko kideak Maria eta Joseko aretoko agertokian. (Juan Luis Romatet) Korrontzi Benefic izenburuko dantza emanaldia egingo dute abenduaren 29an Maria eta Jose ikastetxeko areto handian. Korrontzik eta Zumaiako Astindu dantza taldeak antolatu dute. Sarrerak aurrez salgai jarri dituzte Turismo Bulegoan, 10 eurotan. Agortuko ez balira egunean bertan Maria eta Josen ipiniko dituzte saltzen, 12 eurotan. Biltzen den diru guztia Vass San Filippo Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote. Maria eta Joseko aretoa hilaren 29an beteta egotea espero dute antolatzaileek. Entseguetan murgilduta dabiltza bi taldeetako kideak azken hilabeteotan. Zumaiako dantzariek etxeko lanak egin dituzte beren kasa hainbat entsegu saiotan, eta beste saio batzuetan gidari Korrontziko Agus Barandiaran trikitilaria eta Izaskun Iturri dantza irakaslea izan dituzte. Korrontzi Dantzan proiektua dago hilaren 29an Zumaian ikusiko den emanaldiaren atzean. "Azken 10 bat urtetan hainbat koreografia egin dira gure musikaren gainean. CD/DVD batean dantza horiek guztiak berriro grabatu genituen. Ez hori bakarrik. Dantza talde askok galdetu izan digu ea non ikasi ahal dituzten koreografia horiek. Hasi ginen dantza talde hauen entsegu lokaletara joaten eta Izaskun hasi zen dantza irakasle. Ordutik 40-50 emanaldi egin ditugu Euskal Herri osoan, baita Madrilen eta Bartzelonan ere", dio Barandiaranek. Orain urtebete inguru hasi ziren Astindukoak eta Korrontzikoak emanaldi bat egiteko elkarlanean. "Proiektua hori izango litzateke. Gero, iaztik hona Korrontzi Benefic izeneko proiektua dugu eta, datak ikusita, ongintzazko emanaldia izatea erabaki dugu". Hala, Astinduz gainera, Euskal Herriko hainbat tokitako dantza taldeak etorriko dira hilaren 29an Zumaiara. "Proiektua biribilduko du horrek". Euskal tradizioan oinarritutako emanaldia izango da, baina proposamen berriekin. "Guk tradizioa hartzen dugu, soinekoak jarri eta proposamen berriak eskaintzen ditugu. Musikak eta dantzak tradizioan oinarrituta daude, baina ideia berrituekin". Astinduko dantzariekin lau entsegu saio izan ditu Iturrik. "Gure koreografiak irakatsi dizkiegu, baina, beti ere, beraien ezaugarrietara moldatuta. Beren proposamenak egiteko aukera ere eman diegu. Errai beretik datozen dantza mugimenduak dira, erraza da txertatzea eta moldatzea". Emanaldi biziak "Emanaldi bakoitza desberdina da", Barandiaranen arabera: "Dantza taldeari, espazioari... egokitua. Faktore asko dira aldatzen direnak eta Korrontziren emanaldiak berriak dira, bizirik daude". Emanaldietako jantziak ere desberdinak izaten dira: "Batzuk tradizionalak izango dira, baina badira jaialdirako propio sortutakoak ere", azpimarratu du Iturrik. Aretoko besaulkitik euskal jai bat ikusteko aukera eskainiko dute. "Musika, dantza, jende asko oholtzan. Erritmo eta kolore aldetik sekulako jaia da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide