Etxez Etxeko Laguntzan ordutegiak eta zerbitzuak hobetzeko aukera eskaintzen duen ordenantza onartu du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abe. 15a, 12:45

Azkoitia da, Irungo herriaren ondoren, "araudi berriaren araberako hobekuntzak barneratzen dituen ordenantza" onartu duen bigarren herria. Behin ordenantza onartuta, Azkoitiko Udalak lizitaziora aterako du zerbitzuaren kontratazioa.

Azkoitiko Udalak Etxez Etxeko Laguntzan ordutegiak eta zerbitzuak zabaltzeko aukera eskaintzen duen ordenantza onartu zuen azaroko udalbatzarrean. Orain, erakusketa publikoan dago ordenantza. Bi arrazoirengatik eguneratu dute nagusiki, udalaren arabera: batetik, 2015ean onartutako Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako Zerbitzuen eta Prestazioen karterara egokitzeko, eta, bestetik, errealitate sozialaren garapenaren arabera sortzen doazen behar eta eskaera berriei modu eraginkorrean erantzuteko. Azkoitia da, Irungo herriaren ondoren, "araudi berriaren araberako hobekuntzak barneratzen dituen ordenantza" onartu duen bigarren herria. "Aurrerapen garrantzitsuenetarikoa" da zerbitzuak modalitate berriak aurreikusten dituela Etxez Etxeko Laguntzan. Hau da, etxeko eguneroko lanez –elikadura, garbiketa…– eta zaintza pertsonalaz gain –higienea, botiken gainbegiraketa…–, arreta soziokomunitarioa eskainiko dute. Hain justu, pertsonari medikuarengana, kafe bat hartzera edota aisialdiko jardueraren bat egitera lagunduko diote ahal den heinean. Laguntza horrez gain, aukera egongo da –beharrezkoa ikusten den kasuetan– gaueko zaintza edo gainbegiratze zerbitzua emateko eta familiako zaintzaileak arnasaldi bat izateko. Laguntza hori jasotzen duen kolektiboa ere zabaldu egin da, jada ez baita adineko pertsonetara mugatuko: gaixotasun fisiko eta mentala duten pertsonek, adin txikikoek –baldin eta zaintzaileak ez badira beraietaz arduratzen– edota zaintza aringarriak behar dituztenek ere jaso ahalko dute laguntza. Zenbait kasutan, ospitaletik bueltan etortzen direnek laguntza jasotzeko lehen baino aukera handiagoa izango dute. Sarritan, pertsonak laguntza behar izaten du erietxean egon ondoren, eta, prozesua errazteko eta zerbitzua berehala jaso ahal izateko, tramiteak gutxitu dituzte larrialdi egoeretarako eskaera egiteko aukera emanda. Zerbitzuaren "kalitatea hobetuko duen" beste kontu bat da eguneko gehiengo ordu kopurua handitu dutela. Erabiltzaileek hiru orduko laguntza jasotzen zuten orain arte gehienez, eta laura igo dute ordu kopurua. Hori bai, teknikarien aldeko balorazioa ezinbestekoa izango da laguntza ordu gehiagoz jasotzeko. Gauza bera gertatzen da asteburuetako zerbitzuarekin: teknikariek beharrezkoa dela ondorioztatzen badute, erabiltzaileek urteko 365 egunetan jaso ahalko lukete Etxez Etxeko Laguntza. Behin ordenantza onartuta, Azkoitiko Udalak lizitaziora aterako du zerbitzuaren kontratazioa, eta, beraz, hobekuntzak 2018an gauzatuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide