Maria Zubimendi: "Sinesgarritasuna emateaz gain, sariak ate batzuk irekiko dizkit"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abe. 13a, 09:51

Akordeoilari zumaiarrak pasa den asteburuan jokatutako lehiaketa irabazi du, Torkar esloveniarrarekin puntuetan berdinduta. Hilaren 30ean proiektu berria aurkeztuko du.

Maria Zubimendi, Arrasate Hiria Akordeoi Lehiaketan. (Goiena) Arrasateko Lehiaketa aurrez irabazi duzu beheragoko mailetan. Orain, ordea, nazioarte mailakoa irabazi duzu. Irabazi dut haur mailan, juniorretan eta seniorretan. Espainia mailako lehiaketak dira horiek. Nazioarte mailan, orain hiru urte, bigarren saria jaso nuen. Nazioarteko lehiaketa irabaztea oso zaila da. Ez da bakarrik ondo jotzea, faktore asko sartzen dira jokoan: ongi jotzea, errepertorioa epaimahaiari gustatzea, nola jotzen duzun eta nola transmititzen duzun... Hori guztia hartzen dute kontuan puntuazioa emateko. Akordeoiarekin hasi nintzenetik orain arterako lanaren saria da hau. Hala ere, gure bidea oso luzea da. Diote musikari baten gailurra 30 urterekin dagoela. Sari honek indarra ematen dit aurrera jarraitzeko. Azken 20 urteetan ez du euskal akordeoilari batek lehiaketa hau irabazi. Handia izango da zuretzat bi hamarkadako epe hori haustea. Urte hartan, 1997an, IƱigo Aizpeoleak irabazi zuen; laguna edo ezaguna dut, behintzat, eta oso musikari ona da. Beti izan da erreferente bat niretzat. Lorpen handia da niretzat, baina baita Euskal Herriko akordeoilari guztientzako ere. Ekialdeko herrialdeetatik, Txinatik edo beste herrialde indartsu batzutatik etorritako akordeoilariek, agian, sinesgarritasun gehiago izan dute agertokian. Orain, badirudi hemengo jendea ere maila horretara heltzen ari dela. Musikenen egiten ari diren lana aipagarria da: harrobiarekin sekulako lana egiten ari dira. Aurtengo lehiaketa berezia izan da, Euskal Herriko hiru akordeoilarik parte hartu dugulako: Ane Urbizu tolosarra, Lore Amenabar irurarra, eta ni. Amenabar hirugarren gelditu da, eta Urbizu ere maila horretan aritu da, goi mailan. Oso garrantzitsua da hori komunitatearentzat. 46,03 punturekin berdindu duzu Neza Torkar esloveniarrarekin. Pare-parean, ezta hala? Oker ez banago, lehen aldia da lehen saria ex aequo ematen dela. Esan didatenez berdinketa zehatza egon da, bai jo beharreko obran, bai programa librean ere. Horren aurrean, bi lehen sari eman zituzten eta bigarren saririk ez zuten banatu. Esloveniarra eta ni oso desberdinak gara jotzen. Estilo oso desberdinak ditugu, eta oso bestelako estetikako piezak jotzen ditugu. Biok partekatzen duguna agertokian dugun pertsonalitatea edo segurtasuna da. Uste dut hori izan zela epaimahaiari gustatu zitzaiona. Entzun al zenuen Torkarren lana? Lehen fasean ez nuen entzun jotzen, azkena nintzelako. Bigarren fasekoa entzun nuen, baina agertokiaren atzetik. Segituan konturatu nintzen oso ona zela. Ba al zenuen lehiaketa irabazteko esperantzarik? Esperantza, ez. Oso zaila da. Beti esan izan dut izarrek lerrokatu behar dutela lehiaketa irabazteko. Puntu batera arte zure esku dago, baina beste dena epaimahaiaren esku dago. Gustuko bazaituzte, posibilitateak badaude sari bat irabazteko. Badakizu, gutxi gorabehera, maila berean egongo zarela, bestela ez zinateke aurkeztuko. Hala ere, nik programa nahiko zaila neraman: elkarren artean nahiko desberdinak ziren obrak jo nituen. Irailetik oso zentratuta egon naiz lehiaketan, hori egia da, nire helburu nagusia izan da. Beste proiektu batzuk ere izan ditut, ordea, eta burua ezin nuen erabat lehiaketara bideratu. Musika esperimentalaren oso zalea zara. Zer nolako programa aurkeztu duzu lehiaketan? Diozun bezala, alde esperimental hori jorratzen dut gehienbat. Oso garrantzitsua iruditzen zait, gainera, instrumentuaren garapenerako. Lehiaketetara joaten naizenean ere arriskatu egiten dut; niri gustatzen zaizkidan obrak eramaten ditut, baita ere oso zailak direnak, interprete bezala exigentzia bat eskatzen dutenak. Ez da bakarrik lehiaketa batera joatea sari bat irabazteko; garapen pertsonalerako, edo musikari bezala garatzeko, balio behar du. Beste lehiaketa batzuk askoz kontserbadoreagoak dira. Baina, lehiaketa honetara bai etortzen dela epaimahai bat oso jantzia dena. Akordeoi munduan interprete garrantzitsuak direnak etortzen dira. Musika ona jotzen baduzu, beraiek hori baloratu egiten dute. Berdin dio zer errepertorio den. Hitz egin al zenuen epaimahaikideekin? Bai, lehiaketaren ondoren aukera izan genuen pixka bat hitz egiteko. Ez dira urtero beraiek etortzen, baina X urtean behin bai. Ni sarritan joan naiz Arrasatera eta pixka bat kontrolatuta nago. Guretzat beraiekin hitz egitea ere ondo dago. Azken finean, lehiaketara aurkezten garen guztiok fase berean gaude: ikasketak bukatzen eta alde profesionala lantzen; trantsizio antzerako batean gaude. Guretzat ere oso interesgarria da jende horren iritzia jakitea. Zer suposatzen du sari honek zure etorkizunerako? Ikasten zaudenean lehiaketak oso garrantzitsuak dira alde pedagogiko batetik begiratuta. Norbait izango duzu zure lana epaitzen eta lehiakide batzuk ere izango dituzu. Hori guztia ahaztu egin behar duzu jotzeko orduan. Profesional mundura sartzeko garaian, lehiaketak gehigarriak bihurtzen dira. Zure proiektuak dituzu, zure ideiak, badakizu musikari bezala zer nahi duzun egin, zure bidea bilatzen ari zara, eta lehiaketak gehigarriak dira, bai formakuntzarako, baina baita ere prestigio antzerako bat lortzeko. Nire bizitza ez da aldatuko, baina nonbaiten jo nahi badut, sari honek sinesgarritasun bat emango dit eta ate batzuk ere, agian, zabalduko dizkit. Sari ekonomikoaz gain, kontzertu bira bat egitea ere eskaintzen du lehiaketa irabazteak. Atsedenerako denbora askorik ez duzu izango. Abenduaren 30ean ikuskizun berria aurkezten duzue San Telmo Museoan. Zukan hirukotetik diziplinartekoa izango den proiektu bat egin nahian gabiltza, irudiak, dantza eta musika uztartuko dituena. Hasiera batean proiektu handi bat genuen buruan, baina hori datorren urtera atzeratu dugu. Oraingo honetarako proiektu bat diseinatu dugu jatorri desberdineko obrekin. Oso obra irekiak dira. Obra batzuei dantzak gehitu dizkiegu, beste batean multimedia ere izango da, hirugarren batean poesiak errezitatuko dira hiru hizkuntzatan, eta azkenekoan zaldien masailezurrak erabiliko ditugu perkusioko instrumentu bezala. Ikuskizun oso plastikoa izango da eta, interprete bezala, inoiz jo ez ditugun gauzak joko ditugu. Dantzan Kukai taldean aritzen diren bi lagun izango dira. Emanaldia San Telmo Museoko elizan izango da. Elizako espazioak izugarrizko aukerak ematen ditu. Espazio asko erabiliko dugu, elizako leku desberdinetan ibiliko gara, eta jendea erdian egongo da. Kontzertu sentsoriala izango da, zentzu guztiak landu eta arte desberdinak konbinatuko dituena. Lehen aldia da Zukan hirukotea halako zerbait egitera animatu dena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide