Ana Azkoitia eta Javier Zubizarreta, 2018rako udal aurrekontu proposamenaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal)
Aurrekontu "nahikoa kontinuista" izango du 2018an Azkoitiko Udalak. Hala esan du gaur Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak, Udal Gobernuak landu duen kontu proposamenaren aurkezpenean. 14.100.000 euroko aurrekontua izango du udalak datorren urtean, kopuruz aurtengoa baino txikiagoa. 15.735.000 eurokoa izan da 2017ko aurrekontua; horren barruan zegoen Urrategi bideko lanen exekuziorako partida,
Lidl kateak supermerkatu berria eraikitzeko proiektuaren barruan udalari zegokiona, "obrak Lidl-ek ordaindu behar" zituen arren, Javier Zubizarreta alkatearen hitzetan. "Partida hori kenduz gero, aurtengo aurrekontua 14.045.000 eurokoa izango genuke. Beraz, esan dezakegu iazkoa baino zertxo bait altuagoa dela 2018koa", azaldu du Azkoitiak, eta "atal gehienetako partidak igo" egin direla nabarmendu du alkateak.
Udalaren berezko aurrekonturako proposamena da gaur aurkeztu dutena. Aurrekontu kontsolidatua –udalarena, Elkargunearena, San Jose egoitzarena eta Azkoitia Lantzenena batzen dituena– "oraindik lantzen" ari direla esan du Azkoitiak, baina aurreratu du Elkargunearen aurrekontua 821.473 eurokoa izango dela eta gimnasioa hobetzeko inbertsioak aurreikusita dituztela.
Abenduaren 27ko udalbatzarrean onartu nahi dituzte urte berrirako aurrekontuak.
Estalitako parkea, "proiektu nagusia"
Aurrekontuak lantzerakoan "urtero hiru galderari erantzun behar" izaten dietela esan du Zubizarretak. Zer nahi den, norentzat, eta horrek zenbat diru eskatzen duen dira hiru galderak, "hau da, lehentasunak finkatzea, eta hori da zailena".
Lehentasunak finkatzen hasita, 2018an udalaren "proiektu nagusia" estalitako parkea egitea izango dela nabarmendu dute Zubizarretak eta Azkoitiak. "Herritarren eskaerari erantzuna emateko, 150.000 euro jarri ditugu aurrekontuan datorren urtean estalitako parkea egiteko", esan du alkateak. Parke horren kokapena aztertzen ari direla gaineratu du, eta aurreratu du "ahaleginak" egingo dituztela "datorren urtean estalitako parkea errealitate bihur dadin".
Parkearena da aurreikusitako inbertsio aipagarriena. Guztira, 1.207.500 euro bideratuko dituzte inbertsioetara, eta diru poltsa horrekin egingo die aurre udalak, besteak beste, aipatutako parkearen proiektuari, Plaza Berriko berritze lanei eta San Martingo Balda kaleko lanei; Floreaga auzorako aurtengo aurrekontuan jarritako partida 2018an exekutatuko dutela ere adierazi du Azkoitiak. Horrez gain, herriko argiteria berritzeko lehen pauso moduan, udalerriko koadro elektriko guztiak berritu nahi dituzte 2018an, "azken urte hauetan zeharo abandonatuta" egon direla iritzita; 450.000 euro bideratuko dituzte lan horietara.
Igerilekua nola handitu aztertzen
Elkarguneko igerilekua txiki gelditu dela-eta erabiltzaileen eta zenbait eragileren eskaerak gero eta ozenago entzuten dira Azkoitian. "Igerilekua handitze esku artean" dutela esan du Ogasun zinegotziak: "Zer egin daitekeen aztertzen hastea da gure asmoa. Horretarako, Elkarguneko eraikinean bertan alternatibak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko azterlana kontratatu dugu". Erabiltzaileekin eta Instalakuntza Duinak Orain plataformarekin bilera egin dutela azaldu du Azkoitiak, eta bilera horretan udalaren jarrera jakinarazi zietela herritarrei. "Argi esan genien: guk badugu igerilekua handitzeko borondatea eta nahia, ikusten dugu beharra badagoela. Kontua da, soluzio merkerik ez daukala". Hala ere, irtenbidearen bila lanean hasi direla eta 2018an horretan saiatuko direla esan dute Udal Gobernuaren ordezkariek.
Proposamena, sailez sail
- Ogasuna eta Pertsonala sailak aurten baino 211.000 euro gehiago izango ditu 2018ko aurrekontuan; udal langileen soldata %1,5 igoko da.
- Gazteria eta Kultura sailaren aurrekontua %6 haziko da. Antzerkiaren sustapena, Elkarguneko Topagunearen ordutegia eta zerbitzuak zabaltzea, eta hezitzaileen lan jarduna luzatzea izango dira berrikuntzak.
- Kirola eta Festak sailaren aurrekontuak ere gora egingo du, %2.
- Hezkuntza sailean, eskola jardueretarako partida igo egingo dute, eta Euskarakoa mantendu. "Mantendu egin den arren, programa ezberdinetarako diru gehiago erabili ahalko da, itzulpenen gastua murrizten doalako eta diru hori beste egitasmo batzuetara bideratu ahal izango da". Besteak beste, euskarazko komunikabideentzako laguntzak %5 igoko dituztela esan du..
- Ongizatean partida jaitsi egingo dute, "baina praktikan igoera bat" izango dela esan du Azkoitiak. Azaldu du etxez etxeko laguntza bermatzeko 500.000 euroko partida jarri zutela 2017rako, baina 400.00 euro izan dela zerbitzua emateko behar izan duten kopurua. "Horregatik, 2018ari begira 475.000 euroko partida jarri dugu". Zerbitzu hori arautzeko ordenantza berria onartuko du udalak, hain zuzen ere, biharko osoko bilkuran.
Prebentzio arloko partida, berriz, bikoiztu egingo dute, 9.000 eurotik 18.000ra.
- Bendintasun sailak aurten baino 4.000 euro gehiago izango ditu datorren urtean.
- Ingurumen sailaren aurrekontua %5 jaitsiko da, besteak beste, Urola Erdiko Mankomunitateari ekarpen txikiagoa egingo diolako 2018an Azkoitiko Udalak.