Gaur aurkeztu dituzte Azkoitia Lagunkoiak egindako inkestaren emaitzak. (Azkoitiko Udala)
Azkoitia Lagunkoiak eta Azkoitiko Udalak elkarlanean egindako inkestak baditu emaitzak. Galdeketan jasotakoaren arabera, familiarekiko, bizilagunekiko eta lagunekiko harremana da herritarrek ondoen baloratzen dutena.
Uda aurretik Azkoitiko etxeetan banatutako 5.500 inkestetatik, 591 jaso dituzte beteta. Helburu batekin jarri zuten martxan galdeketa: Azkoitia pertsona nagusientzat zenbateraino den herri lagunkoia jakin nahi zuten. Herri lagunkoia eraikitzeko eta zahartzaro aktiboa nahiz partaidetza sustatzeko lanean jarraitzeko, diagnostikoa egin nahi izan dute herritarren artean.
Emaitzak alde batera utzita, sustatzaileen ustez, partaidetza handia izan da inkestan, eta beren eskerrik onena helarazi nahi izan diete galderei erantzuteko tartea hartu duten herritar guztiei. Azkoitia Lagunkoiak barnebiltzen dituen bederatzi eremuren inguruko galderak egin zituzten inkestan.
Inkesta bete dutenek ondoen baloratzen dutena familiarekin, bizilagunekin eta lagunekin duten harremana da; 7,73 puntu eman dizkiote alor horri. Garraioari 7,06 puntu eman dizkie, eta, osasun eta gizarte zerbitzuei, 6,68.
Balorazio positiboa jaso dute, halaber, honako eremu hauek: denbora libreak (6,56 puntu), pertsona nagusiekiko errespetuak eta haien inklusioak (6,52), parke eta aire libreko guneek (6,47) eta etxebizitzak (6,04 puntu). Aldiz, ez dute hain balorazio ona jaso partaidetza sozialak (5,98 puntu) eta komunikazioak (5,71 puntu).
Orain, balorazioa
Inkestatik ondorioztatutako emaitza nagusiak dira aurrez aipatutakoak. Orain, Azkoitia Lagunkoiaren talde eragilea balorazioa egiten ari da atalez atal, eta, aldi berean, hobetze proposamenak jasotzen. Lehenengo lan lerro gisa komunikazioaren gaia landu du. Ondorioz, informatikari eta Internetari buruzko ikastaroak antolatu dituzte adin nagusiko pertsonentzat, baliabideak errazteko eta aukera berriak eskaintzeko adineko pertsonei; ikastaroak Kzgunean ematen ari dira.
Udalak azaldu duenez, "bere esku dagoena egiteko borondate osoa du pertsona nagusien bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko bada". Hain justu, aurreko maiatzean sinatu zuen udalak formalki Euskadi Lagunkoia Sustraietatik sarera atxikitzeko akordioa.
Udalak gogorarazi du "ahalegin handia" egiten ari dela irisgarritasuna hobetzeko, eta, zerbitzuei dagokienez, "aurrerapauso garrantzitsua" izan dela Hurkoa bulegoaren irekiera, Azkoitia lagunkoia eratzeko bidean.
Azkoitia Lagunkoiaren lanari esker, Azkoitia Age-friendly Environments Programme sareko kide da, Euskal Autonomia Erkidegoko beste 40 udalerrirekin batera. Azkoitiko talde eragileak urtebete inguru darama lanean. Hilean behin, normalean asteazken arratsaldeetan, biltzen da Elkargunean. Taldea irekia da eta interesa duen edonork ateak zabalik ditu.