Txintxarri taldeak jantzi berriak estreinatuko ditu biharko danborradan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 24a, 13:30

Txintxarri taldeko kideak jantzi berriak soinean dituztela, Javier Zubizarreta alkatearekin. (Azkoitiko Udala) 2015ean atera zen Txintxarri taldea estrainakoz Azkoitiko San Andres festetako danborradan. Gazte talde bat udaletxera joan zen Javier Zubizarreta alkateari danborradan atera nahi zutela esanez. Horrela gogoratzen du Txintxarri elkarteko Luis Fernandezek: "Entzun genuen udalak jende gaztea animatzea nahi zuela danborradari bultzada emateko, eta, halaxe, pintxo-potean genbiltzala lauzpabost lagunek esan genion elkarri: 'Gu kuadrillan asko gaituk eta zergatik ez gaituk danborradan irteten?'". Kuadrillan asko izateaz gain, aurrez danborradan beste taldeetan irteten ziren lagun horietako asko, eta beraien taldea sortzera animatu ziren. Udalaren baiezkoaren ostean, ideia lokalean proposatu eta 30 lagun baino gehiago animatu ziren talde berrian irtetera. Orduan, udalean bi baldintza jarri zizkioten: batetik, gutxienez 30 bat laguneko taldea osatzea, eta, bestetik, urte batzuetan jarraitzeko konpromisoa hartzea. Hiru urteotan hartutako erabakiaz ez direla damutu diote Txintxarriko kideek. Sukaldari jantziak soinean zituztela atera ziren lehen aldiz danborradan, baina beste batzuek utzitako jantziak berreskuratuta. Larunbatean, ordea, berriak estreinatuko dituzte, eta bandera ere berria izango da. Soinean eramango dituzten zapietan, taldearen izenaren jabe, txintxarriak eramango dituzte. Taldekideek diotenez. "asko" gustatu zaizkie jantzi berriak. 40 lagun inguru aterako dira biharko danborradan; "gero eta gehiago gara". Iaz, talde mistoa osatu zuten, eta ordutik, neskak eta mutilak elkarrekin ateratzen dira. Umeen talde batek, traje berdina Umeen danborradan ere erabat murgildu da Txintxarri elkartea. Iaz umeen danborradan laguntzen aritu ziren, eta datorren urtean, 2018an, beraien ardurapean aterako den umeen taldeak Txintxarri taldearen jantzi berdina eramango du. Iturri jatetxean, 19:30ean, jarri dute afaltzeko hitzordua. 22:00etan hasiko da danborrada, eta gogotik astinduko dituzte danborrak. “Eta, gero ba, betikoa badakizu…" dio Luis Fernandezek umoretsu. (Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide