Hitzaldi ibiltariko parte hartzaileak Zumaia eraikinaren atzealdean, parrokiaren alboan. (Juan Luis Romatet)
Itsasoari lotuta dagoen eskualdea da Urola Kosta. Kostako herriek duten itsas ondarea ezagutzera emateko asmoarekin, eta Juan Sebastian Elkano getariarraren bigarren bidaia gai bezala hartuta, hitzaldi ibiltari sorta bat antolatu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Donostiako Untzi Museoak. Abenduaren hasierara bitartean egingo diren bost hitzaldietatik lehena orain hamar egun egin zuten Orion, eta bigarrena pasa berri den igandean Zumaian.
Josu Etxezarraga historia doktoreak eta Erdi Aroko adituak gidatu zuen Zumaiako hitzaldi ibiltaria. Elkanoren bigarren bidaia eta Zumaiako bizilagunak lotu nahi izan zituen hitzaldi ibilaldian. Sanjuaniturrian, Olazabal idazkariaren jauregiaren parean, elkartu ziren ekitaldiko parte hartzaileak.
Urolaren ertzera jaitsita, Zumaiako hiribilduaren sorrera gogoratu zuen Etxezarragak. Garai hartan parrokia Orreagako Ospitalearena zen, eta hiribildua kokatuko zen lur saila Lope Ibañez de Arriagarena. "Inguruko herri eta auzoetako jauntxoek bultzatu zuten Zumaiako hiribildua sortzea. Hala, itsasoaren bidez, mundura zabaltzea lortu zuten".
Lurren ordez truke bat proposatu zuen Arriagak: bi belaunalditan parrokiko patroia izango zen bere familia. Parrokiak izena aldatu zuen eta Santa Maria izatetik San Pedro izatera pasatu zen. Zumaiako herria sortu zenean, Arriagak ere abizena aldatu zuen eta Zumaia izatera pasatu zen. Berea zen gaur egun Alde Zaharrean zutik dagoen Zumaia etxea.
Parrokiara hurbilduta, Zumaiak Elkanoren bigarren bidaiarekin zuen lotura azaldu zuen Etxezarragak; izan ere, Elkanok erabili zituen zazpi ontzietako bateko kapilaua, Juan de Areizaga, Zumaiako San Pedro parrokiako apaiza izan zen. "Ez zuen munduari buelta ematea lortu, baina Zumaiara itzuli zen, eta bertako apaiza izaten jarraitu zuen", azaldu zuen Etxezarragak.
Beste hiru hitzaldi
Itsas ondarearekin eta Elkanorekin lotuta beste hiru hitzaldi daude antolatuta. Datorren igandean Elkanoren senitarteko zarauztarrak saioa izango da, Zarautzen; azaroaren 26an Azter dezagun Getariako Elkanoren Monumentua, Getarian; eta, abenduaren 3an Elkanoren dokumentuak Laurgaingo Jauregian, Aian. Hitzaldi ibiltari horietan parte hartzeko izena eman behar da Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako turismo bulegoetan edo Aiako udaletxean.