Mintzalagun programa aurkeztuko dute ostegunean, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 6a, 18:29

Taldekideak Plaza Ondo jubilatuen elkarteko tabernan bilduko dira, 19:00etan. Afari-merienda eta Bizkargi musika eskolako ikasleen saioa izango dira. Mintzalagun izan nahi dutenek izena eman dezakete.

Mintzalagun programako partaideak. (Azkoitiko Udala) Mintzalagun egitasmoaren aurkezpen eguna izango da datorren osteguna, azaroak 9, Azkoitian. Taldekideak Plaza Ondo jubilatuen elkarteko tabernan bilduko dira, 19:00etan. Bertan, Mintzalagunei ongietorria egingo diete eta programari buruzko azalpen orokorrak emango dituzte. Afari-meriendaz gozatzen duten bitartean, giroa alaitzeko Bizkargi musika eskolako ikasleek hainbat abesti kantatuko dituzte. Mintzalagunak direnak eta Mintzalagun izatea zer den jakin nahi duten guztiak gonbidatuta daude hitzordura. Marijose Arregi Euskara zinegotziaren arabera, "sekulako meritua" dute partaideek. "Gaur egun, denbora da dugun baliorik preziatuena, eta bidelagunek horixe eskaintzen diete bidelariei, euskara ikasi edo hobetu nahi dutenei. Txalotzeko da benetan alde bien ahalegina; zazpigarren urtez jarraian egitasmoa aurrera eramateak asko esan nahi du". Mintzalagun programa Azkoitiko Udalak eta AEK euskaltegiak elkarlanean gauzatzen dute. Aurtengo edizioan, oraingoz, 35 lagunari dira parte hartzen, bederatzi taldetan banatuta. "Astean ordubetez elkartzen dira euskara lotsarik gabe praktikatu eta dakiten hori hobetzeko asmoz. Kafetxo bat hartu, paseoa eman… egiten dute, eta, horrela, lagunarte euskalduna sortzea lortu dute. Gainera, konfiantza eta segurtasuna lortzeaz gain, euskaraz bizitzeko gaitasuna ere erdietsi dute", azaldu dute AEK-ko arduradunek. Euskara hobetu nahi duten euskaldun berriek eta bide horretan laguntzen dieten euskaldun zaharrek hartzen dute parte Mintzalagun programan, bidelariek eta bidelagunek, alegia. Mintzalagun izateko interesa dutenek, euskara@azkoitia.eus eta azkoitia@aek.eus helbideetera idatzi edo 943-85 71 75 edo 943-15 10 89 telefono zenbakietara dei dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide