29 ikasle ari dira parte hartzen Azkoitiko Mundukoloreak programan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko urr. 26a, 15:29

Familia etorkinetako umeek euskara maila hobetzea da programaren helburua, eta, horretarako, AEK-ko irakasleekin errefortzu eskolak jasotzen dituzte. Gurasoek zein eskolek positiboki baloratu dute egitasmoa.

Aste honetan aurkeztu dute aurtengo Mundukoloreak programa. (Azkoitiko Udala) Aurtengo ikasturtean 29 ikasle ari dira parte hartzen Azkoitiko Udalak urtero martxan jartzen duen Mundukoloreak programan. Programa horren helburua da familia etorkinetako umeek beren euskara maila hobetzea, eta, horretarako, astean zehar AEK-ko irakasleekin biltzen dira. Aisialdiaz gozatzearekin batera, errefortzu eskolak jasotzen dituzte hizkuntza praktika eta jolasa uztartuz. Ikastetxeek hala eskatuta, Mundukoloreak programa 2006an jarri zuten martxan; esperientzia pilotu bat egin zuten urte hartan, eta ordutik, urtero landu da. Aurtengo ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 19 ume eta DBHko 10 gaztetxo ari dira parte hartzen. LHkoak eguerditan biltzen dira, eta DBHkoak, arrratsaldeetan. Azken horiek bi taldetan banatzen dira duten euskara mailaren arabera. Euskara zinegotzi Marijose Arregi eta udaleko euskara teknikaria aste honetan bildu dira familia etorkinekin, ikastetxeetako arduradunekin eta AEK-ko irakasleekin egitasmoaren aurreko urteko balorazioa egiteko eta aurtengo ikasturtea aurkezteko. 24 familia zeuden deituta bilerara, eta 21ek parte hartu zuten bertan. Gurasoek zein eskoletako arduradunek positiboki baloratzen dute Mundukoloreak programa, eta duen garrantzia azpimarratzen dute. Udalak 23.066 euro bideratzen ditu urtero Mundukoloreak programa garatzeko. "Egia da umeek eskoletan azkar ikasten dutela euskara, baina kontuan hartu behar dugu etorkin familietako seme-alabek herri, jende eta kultura arrotzarekin egiten dutela topo. Horregatik, laguntza oso ondo etortzen zaie, aurrez ere nahikoa zama badutelako eta hizkuntza elementu integratzaile garrantzitsuena delako. Eskolan eta kalean, oro har gizartean, hizkuntza inportantea da, eta, zentzu horretan, Mundukoloreak programak bere ekarpena egiten duela uste dut. Hori horrela, udaletik bultzatzen jarraituko dugu", azaldu du Arregik.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide