Mediterraneoan, Libiako kostaldetik hurbil, arituko da lanean salbamenduko ontzia. (Jon Txonpe)
Zumaiako Errefuxiatuen Harrera taldearen eta SMH Itsas Salbamendu Humanitarioaren arteko harremana gehiago estutu da. Iazko Gabonetan, anbulantzia bat erosi zuen SMHk Zumaiatik jasotako diruarekin. Orain, 5.000 euroko beste diru laguntza bat eman dio Harrera taldeak Euskal Herriko SMHri, Mediterraneo itsasoan abian duen proiektua laguntzeko.
"Aurten,
Maydayterraneo-Aita Mari Zubia izena jarri dioten proiektua edo misioa lagunduko dugu diruz, 5.000 euroko diru laguntzaren bidez", azaldu dute Harrera taldeko kideek. "Izenak berak erakusten du proiektu horren izana. Batetik, alarma. 2015etik gaur egun arte , hainbat erakundek emandako datuen arabera, 10.000tik gora dira Mediterraneo itsasoan bizitza galdu duten errefuxiatuak. Bestetik, Aita Mari arrantzale zumaiarrari egindako omenaldia da proiektu hori; hark urte askoan hainbat arrantzale atera zituelako bizirik ekaitzetatik". Euskal Herriko SMH proiektu horretan beste bi erakunderekin batera (Espainiako ProemAid eta Alemaniako Mission Lifedine) ariko da lanean. Libiatik atera eta Italiara doazen errefuxiatuak babestuko eta erreskatatuko dituzte".
Elkartasuna
Erdialdeko ekialdetik eta Afrikako gerretatik eta pobreziatik ihes zetozen errefuxiatuen krisialdia piztu zenean eman zituen lehen pausoak Errefuxiatuen Harrera taldeak. Ordutik, zenbait ekintza eta kanpaina antolatu du, "errefuxiatuek bizi duten egoera salatu eta elkartasuna adierazteko".
2016. urtean harreman estua izan zuen taldeak Zaporeak herri ekimenarekin. "Eta urte horren bukaera aldera, Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitario taldearekin harremanetan hasi ginen. Iazko Gabonak aldera, Harrera Taldeak egindako diru ekarpen bati esker, SMHkoek
Zumaia izena daraman anbulantzia bat eskuratu zuten".
Aurtengo otsailean,
Orain da atzo leloa ikur, Zumaiatik 1937an kanporatuak izan ziren herritarrei egindako omenaldian ere parte hartu zuen Harrera taldeak, Zumaiako Udalarekin eta Erkibe taldearekin elkarlanean. "Era berean, errefuxiatuek munduan zehar, eta batez ere Europan bizi duten egoera salatu, eta ongietorria eman nahi izan genien gurera babes bila etorri eta etorriko diren bai errefuxiatu politikoei, bai ekonomikoei".
Urte osoan zehar antolatutako ekintzekin (San Silbestre eguneko dortsal solidarioak, Olagarro eguneko txosna…) eta jaso dituzten ekarpenei esker (Zumaiako Caritas eta Elgoibarko DanobatGroup) "taldeak aukera izan du bizi duten infernutik alde egiteko ahalegina egiten ari diren errefuxiatuei babesa eta laguntza ematen dieten hainbat erakunde diruz laguntzeko".
Taldeak eskertu egin ditu, erakunde humanitario horien izenean, diru laguntza eman dieten erakundeak eta ekitaldietan lagun izan dituzten herritarrak.
Zumaiarekin lotura duen kanpaina
SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak anbulantzia bat erosi zuen iazko Gabonetan Zumaiatik jasotako diruarekin, eta Zumaia izena jarri zioten. Kanpaina berrian ere zumaiar bat izan dute gogoan, Aita Mari hain zuzen ere.
SMHren proiektuak Maydayterraneo-Proyecto Aita Mari Zubia izena du. Hori aukeratzerako itsasotik hainbat lagun atera zuen Jose Maria Zubia arrantzale zumaiarra izan zuten gogoan. Proiektua aurrera eramateko, salbamenduko ontzi bat erosi zuten bertan parte hartzen duten hiru erakundek. Esplorazio zientifikorako erabilitako itsasontzi bat salbamendu itsasontzi bihurtu zuten. 32 metro luze eta 7 metro zabal da hori.
Berria egunkarian jaso zutenez, irailaren 20an itsasoratu zen, Valletako kaitik (Malta), lehen misioan, Libiaren pareko nazioarteko uretarantz. Urriaren lehen asteetan abiatu ziren bigarren egitekoan. Maydayterraneo proiektuaren asmoa da, ur horietan aritzea datozen hiru hilabeteetan.