Kostaldeko geologia ezagutzeko mapa sortu du Geoparkeak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urr. 4a, 09:39

Baionako CPIE elkartearekin batera sortutako proiektua da. Ikuspuntu geoturistikoa ere kontuan hartu dute. Unitate didaktikoak ere sortu dituzte Zumaian eta Baionan

Asier Hilario mapa geologikoa eskuetan duela. (Juan Luis Romatet) Zumaia eta Mutriku arteko labarretako flyscha aski ezaguna da azken urte hauetan egindako dibulgazio lanari esker. Baina, euskal kostaldean flyscha al da nagusi? Edo beste formazio geologiko batzuk aurki daitezke Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiako kostaldean? Galdera horiei erantzun nahian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Baionan egoitza duen CPIE erakundeak proiektu komun bat sortu dute, Euskal kostaldeko geologia sinplifikatua izeneko mapa geologikoa, hain zuzen ere. Euskadi-Akitania mugaz haragoko programaren barruan egin dute proiektua bi erakundeek. "Programa horren baitan CPIE elkartearekin bildu ginen. Elkarte horrek Hendaia eta Donibane Lohizune artean hainbat ekimen egin ditu urteetan zehar, eta bertan egiten dituztenak guk hemen egiten ditugunen oso antzekoak dira: naturaren babesa, hezkuntza sustatzea ikastetxetan, irteerak egitea eta abar. Beraiek ere gurearen antzeko flyscha dute, eta ikusi genuen bazegoela zerbait elkarrekin egiteko aukera", azaldu du Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. "Programa horren barruan proiektu txiki hau egiteko aukera izan dugu, euskal kostaldeko mapa geologiko osoa egitea, alegia; Miarritzetik Bilbora bitartekoa, hain zuzen ere". Euskal kostaldearen %75 inguru flysch motako haitzek osatzen dutela azaldu du Hilariok, baina, mapa barrualdean ere sartzen denez, beste fenomeno geologiko batzuk ere hartzen ditu: formazio bolkanikoak, uharrietako kareharriak... "Egin dugun maparen helburu nagusia kostaldeko geologia ulertzen laguntzea da". Geologoaren esanetan, mapak badu ezaugarri nabarmen bat: Ipar eta Hego Euskal Herriko mapa geologikoak batu ditu. "Unitateak mugaren alde batean edo bestean ez ziren berdinak. Aro geologikoak ere modu desberdinean zatitzen dituzte alde batean edo bestean. Teknikoki zailtasuna izan dugu bi sistema horiek bateratzen, eta hori ere bada meritua". Azalpen guztiak hiru hizkuntzatan daude mapan: euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. "Mugaren bi aldeetan zer ditugu komunak: flyscha eta euskara. Azalpenak oso hizkera errazean egindakoak dira eta planoak guk hemen erabiltzen ditugunak, publiko orokor batera iristeko", azpimarratu du Hilariok. Izan ere, argitalpena ez dute mapa geologiko batera mugatu; ikuspuntu geoturistikoa ere kontuan hartu dute. "Geologoentzako baliagarria den mapa da, baina baita publiko orokor batentzako ere". Maparen atzealdean euskal kostaldeko hamabi lekuren berri eman dute, herrialde bakoitzeko launa. Bidarteko hondartza, Zumaiako flyscha, Barrikako tolesdurak, eta, horrela, interes geologikoa duten beste bederatzi puntu. "Inteses geologiko handia duten lekuak dira, baita ere iristeko errazak eta bistarako atseginak. Horien bidez kostalde osoaren geologia ondo azaltzen da". Pedagogian sakonduz Geoparkeak eta CPIEk elkarlanean egindako proiektu honek hezkuntza ere kontuan hartu du. Hala, pasa den maiatzean, Lapurdiko eta Gipuzkoako gidariak elkartu ziren bi egunetan bakoitzaren sistemak ezagutzeko. Baionan eta Zumaian unitate didaktiko bana sortu dute mapa ren inguruan. Ekainean, Baionako Bernat Etxepare lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta ikastolako ikasleak egun batean Hendaiara eta hurrengoan Zumaiara eraman zituzten. Taldetan nahastuta, ikasle haiek leku bakoitzeko unitateak landu zituzten. "Jarraipen naturala mapan agertzen diren beste lekuetan ere antzeko unitateak sortzea izango litzateke, eta baita ere euskal kostaldeko geologia ulertzeko programa bat sortzea ere". Mapa geologikoa Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo bulegoetan eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroan aurki daiteke. "Geoparkeko herrietako ikastetxeetara bidali dugu eta, orain, Gipuzkoa osoko eskoletan banatuko dugu", gaineratu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide