Iñigo Garcia, Bi txirula pelikularen gidoilaria eta zuzendaria. (Juan Luis Romatet)
Iñigo Garcia zumaiarrak
Bi txirula izeneko pelikula aurkeztuko du irailaren 21ean hasiko den 65. Donostiako Zinemaldian. Arkitektoa da lanbidez, zenbait film labur egin ditu aurretik, eta azken lan hau du bere lehen film luzea. Donostiako Zinemaldian, zinema munduko erakusleiho handian, estreinatuko du. Egunak, ordutegiak eta zein zinema aretotan esakiniko duten larunbat honetan iragarriko du Zinemaldiak. Sarrerak, aldiz, igande goizean jarriko dituzte salgai.
Bi pertsonak, Jonek (Jon Elizalde) eta Ikerrek (Iker Hazas) egiten duten bidaia bat jasotzen du Bi txirula filmak, "leku hobe baten bila, testuinguru atenporal batean", azaldu du Iñigo Garciak. Bera da pelikulako zuzendaria, gidoilaria eta muntatzailea. Filmeko irudiak grabatu ditu: Zumaian, Artadin eta Basusta inguruan; Granada Errekan; eta, urrutirago, Esako urtegian (Nafarroa) eta Canfranceko tren geltokian (Huesca, Aragoi, Espainia) .
Pelikularen izenburuak protagonistetako batek jotzen duen instrumentuarekin du lotura. "Pelikulako pasarte batzuetan Jon txirula jotzen agertzen da, eta horrek eman dio izenburua pelikulari". Musika doinu horiek dira pelikulako soinu banda, ez du beste musikarik sartu. Bi zenbakiak ere badu bere presentzia pelikulan zehar, nahiz eta anekdotikoa izan, Garciaren esanetan.
Protagonisten lanak egiteko aktoreak ez diren bere bi lagun hautatu ditu Garciak. "Iker [Hazas] laguna dut. eta Jon [Elizalde] nire tronboi irakaslea da Musika Eskolan. Bata isila da, bestea hiztuna. Elkarrekin ondo moldatzen dira. Esan daiteke pelikula pertsonaietatik jaio dela. Era bateko filma nuen buruan, eta pentsatu nuen bi horiek, nahiz eta aktoreak ez izan, funtzionatuko zutela pelikula batean. Bien arteko kimika hori lortu dugula uste dut".
Artadin grabatu zituzten lehen irudiek kimika hori agerian utzi zutela azpimarratu du filmaren zuzendariak. "Funtzionatuko ez balu ez zen pelikularik egongo, ez ginateke jende gehiagoren bila hasiko. Pelikula bi pertsona horiek ziren". Bi protagonistak hezurmamitzen dituzten biez gainera, Jon Garcia anaiak, Kandido Urangak eta Amaia Goikoetxeak osatu dute aktore taldea. Horiei guztiei Zumaiako beste hainbat lagun gehitu zaie.
Filmean pertsonaien arteko elkarrizketa puntualak badaude ere, bidaia da pelikularen oinarria. Garciak maite duen zinema mota landu nahi izan du bere lehen film luzean. "Zineman gustatzen zaidan diskurtso horretan sakondu nahi izan dut. Zinema purutik asko jan dut, eta hori da nik egin nezakeen pelikula. Pelikula xumea da, baina plano denak oso landuta daude. Saiatu naiz, baita ere, ahalik eta plano gutxienekin istorio bat kontatzen".
Apirilerako amaitu zituen muntaketa lanak eta postprodukzio lanak Adrian Hernandezen (kolorea) eta Josu Gonzalezen (soinua) eskuetan utzi zituen. "Aurrez irudiak landuta zeuden, baina bi lagun horiei esker pelikula gorpuztu egin da. Beste maila batera eraman eta zinema bihurtu dute".
Pozik, baina urduri
Bi txirula Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean emango dute, eta euskal ekoizpenen Irizar sarian ere lehiatuko du. Zinemaldirako hautatua izan delako "oso pozik" dago Garcia. Era berean, urduri dago, ez dakielako nolako harrera izango duen. "Pelikularekin gustura geratu behar duen aurrena ni naiz. Emozionatzen nauena egiten saiatu naiz. Gero, noski, besteengana heltzea nahi izaten da. Badakit pelikula gustatuko ez zaion jendea egongo dela, hala ere batzuei gustatzea espero dut".
Bi urte luzeko bidaia izan da
Bi txirula filma Garciarentzat. "Merezi izan duen? Bai, niretzako bai. Gainera, hor nuen beti pentsakizun hori: ea pelikula bat egiteko gai izango nintzen. Pelikula egin dut, nire gustukoa da, orain ikusiko dugu besteei ere gustatzen zaien".