Erraza izan al da akordioa ixtea?
Lasai hartu dugu, denborarekin. Beste gauza batzuk nahi genituen lehenago itxi. Niretzat, garrantzitsuena ez zen nire egoera, baizik eta taldean sortzen ziren gauzak ahalik eta azkarren konpontzea. Gero, elkarrizketetan hasi ginenean, ez genuen lehendabiziko batzarrean itxi, baina harremana ona izan da momentu oro; azkenean, konfiantzazko jendearekin ari zarenean, gauzak errazagoak dira. Zentzu horretan, lasai egon gara, nahiz eta ingurua pixka bat urduritu. Lehenengo minututik genuen garbi jarraitzea nahi genuela.
2011n hartu zenuen kirol zuzendaritza, Eibar Espainiako Bigarren B Mailan zegoela. Nola aldatu diren gauzak, ezta?
Bai, aldatu dira, eta hobera. Inork ez zuen pentsatuko, ezta nik ere, Eibarrek harrobiko arduradun izatetik kirol zuzendari izateko aukera eman zidanean, Bigarren B Mailan, aurrekontu oso txikiarekin eta diru arazoekin. Baina Gaizka Garitanoren eskutik, bion artean egindako lanarekin, hor daude ondorioak; egia esan, jende asko dago horretan parte hartu duena. Eta taldea dago, momentu honetan, pentsatzen ez genuen leku batean.
Eibarrek Lehen Mailan jokatzeak miraria zirudien, baina laugarren denboraldia hastera zoazte. Lorpenaren tamainaz jabetzen al dira zaleak, edo exijentzia mailak gora egin du?
Hor bi kontu daude. Barruan gaudenok ikusten dugu eguneroko lana eta horren exijentzia aurrera atera behar direla, eta askotan ez zara jabetzen non zauden, eta zeinekin ari zaren lehiatzen. Bestea da, denok, barruan eta kanpotik, ikusten dugula Lehen Mailan egotea zer den, eta batzuetan ematen du jada gutxi dela egotea bera. Jarraipena daukagu, azken urteetan ez gara ibili ezta ere azken ordura arte mantentzeko... Orain ematen du mailari eustearekin ez duela balioko. Baina konturatzen zara zer talde indartsu dauden Bigarren Mailan, igo ezinda dabiltzanak; eta gu hor gaude, gure neurrian ahal dugun ondoen moldatzen. Seguru asko, lorpenaren kontziente izango gara urteak pasatzen direnean eta ikusten dugunean non egon garen, eta hor egoteko izan dugun aukera. Momentuz, gauzak ondo ari gara egiten, eta ez daukagu zertan pentsatu ez garela urte batzutan hor egongo.
Zeure lana ere asko aldatuko zen hastapenetatik gaur arte, ala ez?
Lehenik eta behin, aldatu da egiturari dagokionez. Jende gehiago gaude lanean, bai klubean eta bai nire arloan. Asko hazi gara, kluba bera eta aurrekontua ere bai. Hasi nintzenean, bakarrik nengoen nire arloan, eta orain bederatzi pertsona gara departamentuan. Orain, lehen egiten nituen zenbait gauza beste batzuek egiten dituzte, eta neu gehiago nago gainbegiratzeko, kontrolatzeko edota diseinatzeko. Lana aldatu da, bai.
Eibar arrain txikia da marrazo artean Lehen Mailan. Nola moldatzen zarete fitxaketak-eta egiteko? Zein da zuen sekretua?
Asko daude. Bat, urtean zehar lan asko egiten dugula, asko saiatzen garela guk jarraitzen ditugun ligak kontrolatzen; badakigu zer nahi dugun eta badakigu non mugitu behar garen, jokalariak fitxatzeko eta plantilla osatzeko. Saiatzen gara ere azkar ibiltzen; bestela, beste talde batzuk tartean sartzen badira, normalean galtzaile ateratzen gara. Zer nahi dugun jakitea, urtean zehar gainean egotea, eta informazio osoa daukagunean azken momentura arte zain ez egotea dira, niretzat, gure eguneroko lanaren puntu garrantzitsuenak.
Lehen, Eibarren jokalari gehienak ziren Euskal Herrikoak, eta esaten zen taldea batzeko gakoa zela hori. Gaur egun, nola lantzen duzue batasun izpiritua?
Zailagoa, ez dakit, baina bai orain desberdina dela. Lau jokalari euskaldun dauzkagu bakarrik, baina guretzat zailagoa da Lehen Mailan bertako jokalari gehiago izatea, batez ere Reala eta Athletic ere hor daudelako. Kanpoko jokalari gehiago izan arren, saiatzen gara Eibarrek lehendik daukan kultura horri jarraipena ematen. Taldearen gestioa ez da erraza, baina hori ere bada gure erronka eta eguneroko lana.
Zer sentitzen duzu Azkoitian, adibidez, umeak Eibarren elastikoarekin ikusten dituzunean?
Guretzako, pozgarria da Eibartik kanpo ere jendea Eibarren elastikoekin ikustea. Geure neurrian, zabaltzen ari garen seinale da. Badakigu ezin dugula eduki beste talde batzuek daukaten jarraitzaile kopurua eta indarra, baina uste dut jende askorentzat Eibar izan daitekeela bere bigarren taldea. Eta hori hemendik kanpo ere nabaritzen da, ez bakarrik Euskal Herrian.
2017-2018 denboraldia ari zarete prestatzen. Zer espero duzu, zer eskatuko zenuke sasoi berrirako?
Hasteko, mailari eustea, mirariari jarraipena ematea. Gero, klubaren garapena mantentzea ere garrantzitsua da, ez baita bakarrik talde nagusia; bigarren taldea [Bigarren B mailara igo den Vitoria], harrobia, neskak, aurrekontua... Nesken futbolean pauso garrantzitsua eman dugu; lortu dugu pertsona bat aritzea koordinatzaile lanetan dedikazio profesionalarekin, aurrekontua handitu dugu. Kirol hiriaren proiektua ere oso garrantzitsua da, gure klubak hazten jarraitzeko pausoak emateko. Hori da guretzako puntu nagusienetako bat.