Abian da Zumaiako Julene Azpeitia XXX. Ipuin Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko uzt. 14a, 12:32

Lehiaketara aurkezteko lanek euskaraz idatzitakoak izan behar dute eta gaia librea da.

Aurten ere Zumaiako Udalak martxan jarri du Julene Azpeitia 30. Ipuin Lehiaketa. Urtero bezala, lehiaketak helburu du parte hartzaileen artean literatur sorkuntza bultzatzea eta indartzea. Euskaraz idatzita egon, originalak izan eta argitaragabeak izan beharko dute lanek. Ezingo dira aurkeztu beste lehiaketa batean saririk jaso edota literatur sormenerako laguntzaren bat jaso duten idazlanak. Jatorriz beste hizkuntza batean idatziak izan eta lehiaketarako euskaratu diren lanak ere ezingo dira aurkeztu. Gaia librea izango da, eta ipuinak gutxienez sei orrialde eduki beharko ditu, eta gehienez hamabost, lerroarte bikoitzarekin idatziak, orriaren alde batetik. Lan bakoitzaren lau ale bidaliko dira. Idazlanak, onartua izateko, izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutun-azal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbide elektronikoa eta NAN agiriaren fotokopia. Aukera dago lanak posta elektronikoz bidaltzeko ere, euskara@zumaia.eus helbidera. Kasu horretan ere egilearen datu pertsonalak eta NAN agiriaren fotokopia bidali beharko dira lanarekin batera. Lehiaketara lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira Julene Azpeitia 30. Ipuin Lehiaketarako direla adierazita: Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen enparantza 1, 20750, Zumaia. Epaimahai batek ebatziko du lehiaketa. Guztira hiru sari emango dituzte. Lehiaketako irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.500 euro eta zumaiar onenarentzako saria ere izango da, 1.000 eurokoa. Idazle bakoitzak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Sariak eman gabe utzi ahal izango dira. Zumaiako Udalak beretzat gordeko du saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, baina argitaratzekotan, epaimahaiak ebazpena eman eta urtebeteko epearen barruan argitaratu behar du, bai bere kabuz, bai beste batzuen bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide