Eguerdian egingo den herri bazkarian eta arratsaldeko sagardo dastaketan egingo da lan. Deialdian izena emateko epea uztailaren 26an bukatuko da
Abuztuaren 11n egingo da Euskal Jai Eguna Zumaian. Txapelak eta zapiak, abarketak, blusak eta topak, gona koloretsuak eta egun horrek berekin dakarren janzkera prestatu, eta euskal giroarekin gozatzeko aukera izango da herrian. Egunean zehar egingo diren bi ekitalditan lan egiteko aukera izango dute aurten ere herriko talde edo elkarteek. Haiei egin die dei udaleko Kultura Sailak.
Eguerdian, bazkari herrikoia izango da Beheko Plazan. 400 lagunentzako bazkaria emango dute. Bazkaria zerbitzatzeko eta azpiegitura muntatzeko jendea beharko da. Baita txartelak kentzeko eta karpako sarrerak zaintzeko ere. Amaitzeko, txukuntze eta jasotze lanak ere egingo dira. Hori guztia, Kultura Saileko ordezkariekin eta herri bazkariko sukaldariekin lotuko da.
Arratsaldean, berriz, sagardo dastaketa egingo da; hori ere Beheko Plazan. Hamar sagardotegiren sagardoa eskainiko dute, eta horretarako aurrez edalontziak salduko dituzte. Ekitaldi horretako lana postuak jartzea, edalontziak saltzea eta sagardoa banatzea izango da. Ondoren, garbitze lanak ere egin beharko dituzte lanerako prest azaltzen direnek.
Deialdian parte hartu dezaketen taldeak eta elkarteak zeintzuk diren ere zehaztu dute: Zumaiako herrirako edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratutako elkarteak.
Elkarte horiek udalak herriko taldeen artean diru laguntzak banatzeko orduan onartutako oinarri berak bete beharko dituzte. Adibidez, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute. Gainera, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute eta, batik bat, sagardoa banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.
Deialdian parte hartu nahi duten talde eta elkarteek uztailaren 26ra bitartean izango dute izena emateko aukera, Alondegia kultur etxean, 943-86 10 56 telefonora deituta edo kultura@zumaia.eus helbide elektronikora idatzita. Izena ematen duen taldeetako kideekin bilera bat egingo dute gero, eta bertan beharrezko azalpenak emango dizkiete. Gainera, bileran taldeen arteko zozketa egingo dute.