Flysch organo jaialdi ibiltaria Getariara eta Zumaiara helduko da

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko uzt. 7a, 09:44

Eskualdeko organoak ezagutzera ematea du helburua jaialdi honek. Getariako Salbatore parroki elizan izango da bihar kontzertua, eta uztailaren 23an Zumaiako parrokian

Antolatzaileak eta Aldundiko eta herrietako ordezkariak, aurkezpen ekitaldian. (Gipuzkoako Foru Aldundia) Eliza, katedral edo ermita batean sartutakoan, gehienetan, eraikinen formetan, erretauletan edo alboko kaperatan jartzen du arreta batek. Sarritan, balio handiko artelanak eta altxorrak aurki daitezke tenplu horietan. Askotan, ordea, ez da bat ohartzen eliza horietako koroetan beste mota bateko altxorrak daudela; agian, ez aurrealdekoak bezain ikusgarriak, baina bai balio itzela dutenak. Organoak dira, teklen, pedalen eta balbulen bidez orkestra oso bat irudikatu dezaketen instrumentuak. Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herrietan (Mutriku, Deba eta Zumaia), eta baita aldameneko Getarian ere, kalitate handiko organoak daude. Batzuk zaharragoak dira, besteak berriagoak, baina denak, adituen mundutik kanpo, ia ezezagunak. Horiek ezagutarazteko asmoarekin, iaz lehen Flysch nazioarteko organo jaialdia egin zuten lau herri hauetan. Izandako erantzunak animatuta, aurten bigarrengo jaialdia egingo dute. Aurten ere Mutrikun, Deban, Getarian eta Zumaian. Pasa den larunbatean izan zen lehen kontzertua Mutrikun. Bigarren hitzordua bihar da Getariako Salbatore elizan, 20:30ean. Zumaiako parrokian uztailaren 23an egingo da, 20:00etan. Beste bi emanaldiak, uztailaren 15erako eta 31rako, Debako Andra Mariaren elizan antolatu dituzte. Ez dira organo soileko kontzertuak izango; beste musika mota batzuekin uztartu nahi dute jaialdiko antolatzaileek. "Instrumentu moldakorra denez, ikuspegi berriak emango dizkio musikari", azaldu zuten jaialdiaren aurkezpenean, Donostian. Hala, bihar, Pablo Gutierrez teklistak The Gospel Wave Choir-i lagunduko dio eta gospel tradizioko errepertorioa eskainiko dute, estilo afroamerikar guztizkoan. Zumaiako emanaldian, berriz, Santiago Banda organojole zumaiarrak, eta jaialdi honen bultzatzaileak, Enrique Abello tronpetajole palentziarra izango du alboan. Abello orkestra nagusiek deitu ohi duten tronpetajolea da, eta bandarekin batera organoa eta tronpeta uztartuko dituzte. XIX. mendeko organoak Getariako eta Zumaiako organoak XIX. mendean egindakoak dira. A. Cavaille-Coll organo egileak 1860. urtean egin zuen instrumentua Getariako Salbatore elizan dago kokatua; organoak zortzi erregistro ditu eta estilo erromantiko frantsesean egina dago (garai hartan ohikoa zen bezala). Erregistro horiek eskuzko bi teklatuetan eta pedaleko teklatu batean (garatu gabekoa) banatuta daude, eta akoplamenduz sortzen da soinua. Nahiz eta instrumentu txikia izan, erregistro bakoitzak kalitate handia du. Stoltz anaiek beste harribitxi txiki bat utzi zuten Zumaiako San Pedro elizan. Organo hori ere estilo erromantiko frantsesean eraiki zuten 1890. urtean, eta hamabost erregistro ditu eskuzko bi teklatuetan eta pedaleko teklatu batean banatuta. Instrumentu hori XVI. mendeko aurreko organoaren kaxaren barruan dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide