BIDEOA eta ERREAKZIOAK: Gaikako edukiontzietan bildutakoa, kamioi bakarrera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko eka. 21a, 10:20

Erakunde horren arabera, 2015etik "arazo handiak" izan dira Azkoitian, ontzi arinen eta organikoaren edukiontzietan behar ez den hondakin kopuru handia biltzen zelako. Arazoa konpontzeko, landa eremuan hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea erabaki zutela adierazi du mankomunitateak.

https://www.youtube.com/watch?v=X6g-WmCbj30 Hautsak harrotu ditu gaur goizean sare sozialetan herritar batek grabatutako bideoak. Hain zuzen ere, Urola Erdiko Mankomunitateko kamioia Azkoitiko Aizpurutxo auzoan zaborrak biltzen ageri da irudietan. Polemika sortu du bideoak; izan ere, edukiontzi desberdinetan gaika bildutako hondakinak kamioi berera botatzen dituztela ikus daiteke bertan. Bideoa zabaldu eta denbora gutxira, zaborrak horrela jaso izanaren zergatia azaltzeko oharra kaleratu du Urola Erdiko Mankomunitateak. Erakunde horren arabera, 2015eko uztailetik "arazo handiak" izan dira Azkoitian, ontzi arinen eta organikoaren edukiontzietan behar ez den hondakin kopuru handia biltzen zelako. Arazoa konpontzeko, landa eremuan hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea erabaki zutela adierazi dute: "Hainbat azterketa egin ostean, badakigu material desegoki gehiago egon ohi dela puntu horietan". Era berean, mankomunitateak gaineratu du, "Azkoitiko Udalak erabaki bezala", arazoak sortu zirenetik 2017ko hasierara arte, hondakinak biltzeko "bi sistema" izan dituztela, eta azpikontratatutako Serbitzu enpresaren bidez jasotzen dituztela hondakin guztiak. Mankomunitateak udalaren erabakia "hasieratik errespetatu" duela adierazi du, eta behar izan dituen "zerbitzuak emateko prest" izan dela eta dagoela dio. Bestalde, 2016ko ekainaren 21eko plenoan, Azkoitiko Udalak hondakinen gaikako bilketaren inguruko jarraipena "bere gain" hartu zuela gogoratu du mankomunitateak. "Beraz, Azkoitiko Udalaren esku daude gaur egun hondakinen bilketaren inguruan egin beharreko jarraipena eta hartu beharreko neurriak". Hala ere, arazoa konpontzeko Azkoitiko Udalari "laguntzeko prest" dago mankomunitatea. Bukatzeko, mankomunitateak dio, arazoei irtenbidea emateko Azkoitiko Udalarekin eta herri horretan gaikako bilketa egiten duen Serbitzu enpresarekin adostuta "neurriak hartu" izan direla egoera zuzentzeko. "Hala, gaur egun, Azkoitiko herriguneko arazoa konpondu bada ere, landa eremuko arazoak mantendu egiten dira". Mankomunitateak azaldu du lanean ari dela hondakinen kalitatea berreskuratzeko, eta beren asmoa landa eremuko gune horietako hondakinak bereizita biltzea dela. Azkoitia Zero Zaborrek udalaren jarrera salatu du. "Birziklapena axola zaionaren itxura eman nahian ari da udala –kanpaina berria jarri du martxan–. Bitartean, azkoitiarrok edukiontzi desberdinetan botatzen ditugun hondakin denak kamioi berean nahasten dituela ikusten dugu. Lotsagabe hauek edozertarako prest daude erraustegiari jaten emateko", azaldu du. GHK-k ikerketa abiatuko du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) gaur arratsaldean ohar bidez jakinarazi duenez, herrietako hondakinen bilketaren eta horien tratamenduaren erantzukizuna mankomunitateena da; kasu honetan, Urola Erdikoarena. GHK-k esan duenez, ikerketa abiatuko du "mankomunitatearen datu guztiak jaso eta gertakaria argitzeko". Gainera, esan dute erantzukizunak zehaztuko dituztela, baldin eta ikerketak hala eskatzen badu. Azkoitiko Udala: "Arazoa konpondu da" Azkoitiko Udalak otsailean jakinarazi zuen ontzi arinekin izan zuten arazoa "konpondu" zutela. 2015eko urritik 2017ko otsailera arte, Azkoitiko ontzi arinen edukiontzietan bildutako hondakinak zabortegira eramaten zituzten errefusarekin batera; jendeak hondakinak ondo bereizten ez zituenez, ez zituzten birziklatze plantan onartzen. Udalak joan den astean azaldu zuenez, aurtengo otsailean hasi ziren berriro ontzi arinak birziklatze plantan onartzen, eta Ana Azkoitia zinegotziak esan zuen hondakin desegokien tasa "onargarria" dutela orain herrian. Iraitz Otaño EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, "argi gelditu da udala gezurretana ari dela". "Herriko 7-8 puntutan hondakinak bideoan ikusten den bezala jasotzen dituzte; dena errefusa bezala jasotzen dute. Hori erabaki teknikoa baino politikoa da, beraiek erabaki dute ez jartzea erremediorik egoerari eta horregatik dago arazo hori". Otañoren arabera, "arduragabe" jokatzen ari da udala. "Ez dute neurri gogorrik hartu hondakinen inguruan, eta horren emaitza da bi urte eta oraindik horrela ibiltzea; tristea da". Duela bi urte iritsi zen udal gobernura EAJ, eta Otañoren esanetan, ordutik birziklatze tasaren datuak "pila bat" jaitsi dira: "Hilabete batzuetan %40ko bereizte tasatik ere jaitsi gara. Martxokoak dira esku artean ditugun azken datuak, eta %60-62koak dira. Arazo larri bat dago material desegokiarekin ontzi arinen eta organikoen kasuan; horregatik jaitsi dira hainbeste bereizte tasak". Horrez gain, Otañok adierazi du horren guztiaren ondorioz, azkoitiarrei "garestiago" ateratzen zaiela zaborraren kudeaketa. Irakurri hemen Azkoitia Zero Zaborrek bideoaren inguruan bidalitako gutuna.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide