Segurtasuna bermatzeko lanak egingo ditu aldundiak Zumaiako Santiago hondartzaren parean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 16a, 16:38

Autoen abiadura jaisteko hiru bidearte jarriko dituzte Santiago Etxearen parean. Oinezkoek errepidea segurtasunez zeharkatzeko pasabide bat jarriko dute.

Oier Korta Zumaiako alkatea eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua. (Juan Luis Romatet) Santiago hondartzako ingurua hobetzeko pausoak ematen ari dira instituzioak. Hondartzara eramango duen arrapala bat egitea eta tunelera bitarteko bidea hobetzeko konpromisoa erakutsi du Espainiako Gobernuko kosta zuzendaritzak. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundia da hobekuntzak aurkeztu dituena, batez ere, Santiago parean errepidea zeharkatzen dutenen segurtasuna bermatzeko. Asko dira Santiago Etxea eraikinaren aurrean segurtasun handirik gabe errepidea zeharkatu beharrean aurkitzen direnak: Donejakue Bidea egiten ari diren erromesak Zumaiara bidean datozenak edo herritarrak mendi buelta bat ematera ateratzen direnak. Hondartzaren aurrean dagoen aparkalekutik irtetea ere arriskutsua izan daiteke, bihurgunean dagoelako. Hala, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak atzo Zumaian egindako agerraldian azaldu zuenez, zenbait lan egingo dira egoera konpondu eta ingurune hori oinezkoentzako egokitzeko. Gune horretan errepidetik igarotzen diren kotxeen abiadura jaistea eta oinezkoak puntu jakin batera eramatea planteatzen du aldundiak. Azpimarratu zutenez, autoen abiadura jaisteko, errepide erdian hiru bidearte jarriko dituzte eta bideen zabalera 3,60 metrotik 2,75era jaitsiko dute. Bestalde, oinezkoentzat babestutako pasabide bat jarriko dute errepidea bi fasetan gurutzatu ahal izateko. Pasabide horrek 4 metro zabal eta 12 metro luze izango ditu. Gainera, aparkalekua eta gurutzatze puntua 1-1,5 metro zabalera duen espaloi batekin lotuko dute. Gune hori argiztatuta egongo da. Bidearteak atera eta espaloia egin ahal izateko, Zumaiako noranzkoan dagoen zerbitzu bideko erdibitzailea kenduko dute eta galtzadaren eskuinean 30 metro luze dituen gelditzeko bi eremu eratuko dituzte. Lan hauek uda garaia amaitu ondoren egingo dituzte, eta zortzi asteko iraupena izango dutela aurreikusten da. Aurrekontua 177.000 eurokoa izango da. Santiagoko eremurako diseinatutako beste proiektuarekin zerikusirik ez duela nabarmendu zuten diputatuak eta Oier Korta alkateak. Korta pozik agertu zen lan hauek egitearekin, eta Zumaiarentzat "egun pozgarria" zela adierazi zuen. Kosta zuzendaritzak egingo dituen lanei dagokionez, aukera hori pasatzen ezin zutela utzi nabarmendu zuen alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide