Bosco Garitano: "Proba bat baino gehiago da Zumaia Flysch Trail lasterketa"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 14a, 09:25

Ekainaren 25ean jokatuko da bederatzigarrenez Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Berrikuntzekin eta omenaldi sorta batekin datorren proba izango da aurtengoa.

Bosco Garitano, Zumaia Flysch Traileko antolatzailea. (Juan Luis Romatet) Mendi lasterketa jokatzeko gero eta gutxiago falta dela, telefono deiak ez zaizkio baretzen. Denak prest egon behar du. Hala ere, elkarrizketa egiteko denbora hartu du Bosco Garitano Zumaia Flysch Trailaren antolaketa taldeko kideak. Probaren data aldatu duzue. Lehen uztailean egiten zen, eta aurten ekainera aurreratu duzue. Zergatik? Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zumaiako Udalak eskatu ziguten data aldaketa egitea, turismo asko dagoen garaitik zertxobait aldentzeko. Hasieran ekainaren 11 aukeratu genuen, baina Asturiasen ekainaren 25erako beste lasterketa bat zegoen programatuta. Konturatu ziren, ordea, egun horretan ezin zutela egin eta data aldatzea eskatu ziguten. Hilaren 25a ere gustatzen zait; 23an hitzaldia dago, gero San Joan sua, 25ean lasterketa… Urtetik urtera handitzen doa. Hiru urtetan Euskadiko Kopa jokatu zen bertan, beste hirutan Espainiako Kopa eta urtebetez Skyrunner National Serieseko proba izan zen, mundialerako puntuagarria. Iaz taldekako Espainiako Txapelketa egin genuen, eta aurten banakakoen Espainiako Txapelketa jokatuko da. Selekzio autonomikoen arteko Espainiako Txapelketa ere jokatuko da aurten. Horrez gain, itsuen Espainiako ultratrail txapelketa ere Zumaian jokatuko da. Biko edo hiruko taldetan korrituko dute. Gidari bat izango dute %100eko ikusmenarekin, eta bigarrena erabat itsua izango da. Hirugarren bat badoa taldean, gutxienez %80an ikusmena galduta izan beharko du honek. Hiru metroko makil bati lotuta joango dira; bi bakarrik badoaz, eskutik hartuta edo soka batekin lotuta. Gizonezkoetan hiru kideko hiru taldek eta biko batek parte hartuko dute, eta emakumezkoetan hiruko batek. Halako proba bat Zumaian jokatzea gauza handia izango da zuentzat. Antolakuntzan sinesten dutenaren seinale da. Beraiek ez bazeuden ziur antolakuntzak erantzungo zuela, ez ziren etorriko. Bartzelonan egon nintzen eta han ziren Baqueirako zuzendaria, Sierra Nevadako zuzendaria, Leongo, Ponferradako eta Kataluniako hiru herritako alkateak. Gu ez ginen izan diru gehien jarri genuenak mahai gainean, baina proba hona etorriko da. Distantzia aldetik iazko berdinak al dira? Hiru proba izango dira. Kadeteak sartuko dira aurten, eta 14,14 kilometroko proba bat izango da haientzako. Ondoren, 21,5 kilometroko proba jokatuko da, eta baita 42,2 kilometrokoa ere. 08:30ean maratoia aterako da, eta 08:40an itsuak aterako dira. Horiek ere maratoia korrituko dute, baina irteera berezia egin nahi dugu. 09:00etan, kadeteak, juniorrak eta maratoi erdikoak aterako dira. Izen handiak etortzen dira lasterketa honetara. Aurten zein izango dituzue? Aurtengo Munduko Txapelketan bosgarren izan den Pablo Villa eta hamargarren egin duen Dani Garcia irteeran izango dira. Iazko eta aurtengo munduko txapelketa irabazi dituen Luis Alberto Hernandok arazo fisikoak ditu, eta ez dakigu irteeran izango den. Baina, irten edo ez, Zumaian izango da bere familiarekin. Iazko irabazle Ismail Razga ere etorriko da. Guretzako bereziena Jokin Lizeaga hemen izango dela da, gaixotasun larri batetik atera ondoren etorriko delako. Emakumeetan, 2016ko Munduko txapeldun eta aurtengo Zegama-Aizkorriko irabazle Maite Maiora etorriko da, eta baita Munduko Txapelketan parte hartu duten Nuria Dominguez, Montse Vazquez eta Anna Comet ere. Ibilbidean aldaketarik ba al dago? Aldaketa txiki batzuk daude. Bat, behintzat, niretzako garrantzitsua da. Denei entzun behar zaie eta bereziki korrikalariei; horiek betidanik esaten zuten zuloa kendu egin behar zela, hau da, Motxo arrantza-ontzia egon zen tokitik pasatzea. Leku hori kendu dugu eta beste igoera-jaitsiera bat jarri dugu alboko mendi batean. Beraz, distantzia eta desnibela mantendu egiten dira. Selekzioen Espainiako txapelketa ere jokatuko da. Baina, Euskadikoa ez da Flysch Trailean izango. Zer gertatu da? Badirudi badela zerbait. Guk ez dugu inoiz arazorik izan Euskadiko hiru federazioekin. Are gehiago, maite gintuzten. Euskal Mendi Federazioaren kasuan, Pako Iriondoren haur besoetakoa ginen. Beti egon dira ekitaldi guztietan eta foro guztietan babestu gaituzte. Eta bat-batean, guk ezer egin gabe, federazioaren ikurra jartzea debekatu digute. Ez da federazioko agintaririk etorriko, ezta selekzioko korrikalaririk ere proba korritzera. Euskal selekzioa Espainiako Txapelketa guztietan izan da, baita selekzio autonomikoen artekoenean ere. Behingoz txapelketa hori hona ekarriko, eta zuzendaritzak jarrera hori erakutsi du. Ulertzen ez dugun zerbait gertatu da, guk behartu ez duguna. Baina, euskal selekzioan inoiz izan den korrikalari onena, Jokin Lizeaga, Zumaian berragertuko da minbizi bat gainditu ondoren. Gurekin egon nahi du, eta, gainera, omenaldia egingo diogu irteeran. Euskadiko korrikalari gehiago ere izango dira: Maite Maiora, Iker Oliveri, Ander Barrenetxea, Unai Santamaria... Nafarroako selekzioa ere hemen izango da, baita Nafarroako korrikalariak ere. Beraz, esan dezakegu Euskal Herria ordezkatuta egongo dela. Omenaldia egingo diozue, baina aurtengo omendu nagusia Juanito Oiarzabal da. Omenaldi nagusia Oiarzabali egingo diogu, baina irteeran beste bat egingo zaio Lizeagari. Hirugarren bat ere egingo da, kasu honetan, Luis Alberto Hernando eta Maite Maiora munduko txapeldunei. Zortzi milako gehien igo dituen pertsona da Oiarzabal. Hilaren 23an, hitzaldia emango du, eta aurreko urteetan omenduak izan diren Juanjo San Sebastian eta Sebastian Alvaro ariko dira aurkezle lanetan. Proba antolatzen hasi zinetenean pentsatzen al zenuten maila honetara iristea? Hasieratik garbi geneukan Zumaiako proba bat izango zela, eta horren atzean proiektu bat sortu behar genuela. Zumaia mundu honetan kokatu nahi genuen. Aurten, parte hartuko duten korrikalarien %78 Euskal Herritik kanpokoak dira. Kanpoko jendea erakarri nahi genuen, gure kultura eta gure sukaldaritza ezagutu zezaten. Maila honetan emakumezkoen partaidetza sustatzen dugun lasterketa bakarra gara. Iaz parte-hartzaile guztietatik %16 emakumezkoak ziren; aurten %29 izango dira. Gai sozialekin ere lanean jarraitzen dugu. Hasieran, Aspanogi elkartea lagundu genuen; orain, lau elkarte laguntzen ditugu: Aspanogi, Hegoak Astinduz, Markelen irria eta SOS Himalaya. Proba bat baino gehiago da hau

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide