Sofaren rock instrumentala bueltan da disko berriarekin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 8a, 09:39

'Sofa II' izeneko diskoa argitaratu berri du Sofa taldeak. Bihar, 22:45ean, Zumaiako Torreberri gaztetxean aurkeztuko dute azkena ateratako lana, kontzertuan

Kepa Izeta eta Imanol Sesma, Sofako hiru kideetatik bi. (Juan Luis Romatet) Sofa hirukotea bueltan da, disko berriarekin, gainera. Jonbe Martinez (gitarra) eta Kepa Izeta (baxua) zarauztarrek eta Imanol Sesma (bateria) zumaiarrak osatutako hirukote instrumentalak Sofa II izeneko diskoa argitaratu berri du Bonberenea diskoetxearekin. Bihar Zumaiako Torreberri gaztetxean aurkeztuko dute, eta astebete geroago Zarauzko Putzuzulon. Orain bi urte eta erdi inguru atera zuten aurreko diskoa, autoedizioan ateratako Sofa izeneko CDa. Ordutik, ahalik eta kontzertu gehien ematen saiatu direla azaldu dute Izetak eta Sesmak Zumaiako plazan kazetariarekin izandako berriketa saioan. "Tartean pare bat geldialdi egin ditugu grabaziorako prestatzeko. Gainontzean, kontzertuak ematen aritu gara". Grabazioa Tolosako Bonberenea estudioan egin dute, Lisabö taldeko kide Karlos Osinaga Txapen agindupean. Aurretik disko berrirako pentsatutako kantez osatutako maketak egin zituzten Zumaian, Uxategiko estudioan. "10-12 kanta grabatu genituen Gabonen bueltan, eta hor ikusi genuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez. Handik joan ginen estudiora. Uxategiko estudio klaustrofobikotik Bonbereneako estudio zabalera pasatzea aldea izan zen. Txapen eskua ere igarri da". Astebete inguru iraun zuen grabazioak, eta beste astebete nahaste lanek. Masterra, berriz, Jonan Ordorikak egin die. Binilozko edizio eder batean atera dute diskoa. Karpetaren barruan CDa ere badoa. Binilozko diskoen zale porrokatua da Izeta, eta bera izan da diskoa formatu honetan ateratzeko indarra egin duena. "Kostatu zait beste biak konbentzitzea, ez dira eta binilo erosleak. Denborarekin eta mimoekin egindako lana izan da, eta garbi nuen ez nuela CD ziztrin batean atera nahi". Aurreko lanean bezala, Sesma arduratu da azalaren diseinuaz. Azal koloretsua du diskoak. "Kantak alaiak dira eta hori azalean ere islatu nahi genuen", azaldu du zumaiarrak. Kantetako zenbait detaile ere antzeman daitezke azalean. Bederatzi kantez osatu dute Sofa II, denak ere taldekideek beraiek konposatutakoak. "Aurreko diskoarekin alderatuta, soinu finkoagoa dugula esango nuke", esan du Izetak. "Hasiera hartan nahasketa gehiago zegoen, alde handiegia zegoen kanta baten eta bestearen artean. Orain, soinu batetik hurbilago gaude, konpaktuagoa da, baina intentsitatea mantentzen saiatu gara". Aldatu ez dena taldearen izaera da, instrumentala dela, hain zuzen ere. Beraien kantuetan ez daude hitzak; instrumentuek eta horiek jotzeko trebetasunak dute protagonismo osoa. Sortu zirenetik, ahotsak sartzeko tentaziorik ez dutela izan nabarmendu dute. Horrek, baina, konposatzeko orduan baldintza dezakeela onartzen dute. "Hasiera batean zailtasunak egoten dira. Ahotsak lagundu egiten du konposatzerakoan, bete egiten du; elementu melodikoa ere izan daiteke. Baina, gu hala hasi ginen eta indartu ere egin dugu instrumental izaera disko honetan", gaineratu du Izetak. "Instrumentala izanda badago kanta denak antzerakoak izateko arriskua. Baina, nik uste asmatu dugula horretan. Aukerak ere zabaltzen ditu: ez dituzu zure kantak mugatu behar, ez diozu ahotsari tarte bat eman behar. Instrumentala izatean mugak eta askatasunak daude", gehitu du Sesmak. Batzuentzat, agian, arraroa izango da rock talde bat instrumentala izatea. Arraroa izate horrek, ordea, izan du eragina; positiboa, gainera. "Hasi ginenean zalantza batzuk izan genituen, ea nola hartuko gintuzten. Nik uste harrera positiboa izan dugula. Nahiz eta rockaren kanpoko gauzak entzutera ohituta egon ez, entzuleek ondo hartu gaituzte. Batzuk harritu ere egin dira", esan du Sesmak. "Taldea gure gozamen propiorako sortu genuen, musika desberdina egiteko gogoa genuelako. Ez dugu inoiz jendea gustatzeko behar hori izan. Horregatik, espero ez genuen harrera izan dugu", gaineratu du Izetak. "Jotzeko aukera handiak izan ditugu; ez dugu orain arte ate joka ibili behar izan. Etiketa errazik ez dugun taldea izanda, horrek aukera eman digu toki desberdinetan jotzeko. Hori polita eta aberatsa da niretzako", azpimarratu du Sesmak. Berriro agertoki gainean Diskoa eskuetan, berriro kontzertuak ematen hasi da Sofa. LeBukowski klubak Donostiako Gasteszenan izandako Ze premikin jaialdian jo zuten, Willis Drummond, Atom Rhumba edo Niña Coyote eta Chica Tornado taldeekin batera. Diskoa atera eta berehala, bi egunetan Bonberenea bertan jo dute eta pasa den astean Urretxun izan ziren. Bihar, 22:45etik aurrera Zumaiako Torreberri gaztetxean joko dute, Txotx! taldearekin batera. Hurrengo asteburuan, berriz, Zarauzko Putzuzulora eramango dute beraien rock instrumentala. Sofa bueltan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide