Bi pelikula ezaguni euskarazko azpitituluak jarri dizkiote Institutuan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 2a, 09:57

'Alien' klasikoaren eta 'La la land' arrakastatsuaren euskarazko azpitituluak sortu dituzte DBHko ikasleek. Ikastetxeko euskarako, ingeleseko eta informatikako mintegien lana da

Jurgi Esnal, Irene Casquero, Maialen Agirre eta Bertol Etxabe ikasleak, Antton Garikano Zumaiako Institutuko zuzendariarekin. (Juan Luis Romatet) Euskarak gero eta presentzia handiagoa du zinemaren munduan. Azken aldian euskaraz errodatutako zenbait pelikula arrakastatsu estreinatu dira zinema aretoetan, baita nazioarte mailako lanak euskaraz bikoiztu ere. Zinezale askok, baina, nahiago izaten dute pelikula horiek jatorrizko hizkuntzetan ikusi eta entzun, azpitituluez lagunduta. Hori ere ari da bere tartea egiten euskaraz. Horren erakusgarri da www.azpitituluak.com ataria. Ehunka pelikulen azpitituluak aurki daitezke bertan, gaur egungoak, eta baita pelikula klasikoak ere. Atari honek bere katalogoan Zumaiako Institutuko ikasle talde batek sortutako bi pelikulen azpitituluak sartu ditu azken asteetan, La la land musikal arrakastatsuarenak eta Alien beldurrezko klasiko ikaragarriarenak. Sustatu atariko kudeatzaile batek luzatutako erronka bati erantzunez egin dituzte azpititulu horiek. "Hainbeste aipatzen den antena teknologikoa jartzen saiatzen gara Institutuan, eta askotan Sustatu orrira jotzen dugu informazio bila. Eskolan erabili ditzakegun aplikazioak daude, komunitateari zuzendutakoak. Horko kudeatzaileetako bat Luistxo Fernandez da, eta www.azpitituluak.com webgunea du. Gu ere interesatuta geundelako, berekin harremanetan jarri ginen", azaldu du Zumaiako Institutuko zuzendari Antton Garikanok. Beraiek euskaratutako azpitituluak dituzten pelikula multzo handi batekin eta proposamen batekin joan zitzaien Fernandez. "Erronka bat luzatu zigun: ea pelikula baten azpitituluak egingo genituen. Mahai gainean Alien, Gandhi, Magnolia eta Schindler’s list jarri zizkigun. Irakasle batek zerbait modernoagoa egitera animatu gintuen, eta La la land aukeratu genuen". Batxilergoko ikasleak aritu dira azpitituluak prestatzen. Alien pelikulako azpitituluen egileak Maialen Agirre eta Bertol Etxabe, DBH4ko ikasleak izan dira; La la land-enak, berriz, Irene Casquero eta Jurgi Esnal, DBH3koak. "Informatikako klasean proiektu bat egin behar genuen, eta irakasleek pelikulei azpitituluak egiteko proiektua proposatu ziguten, pelikula hauentzako euskarazkorik ez zegoelako", adierazi du Etxabek. "Pixka bat zeharkakoa izan da: euskal mintegiak, ingelesekoak eta informatikakoak hartu dute parte", gaineratu du Garikanok. Zatika egin dute lana. «Word dokumentu batean ingelesezko azpitituluak pasatu zizkiguten, eta horiek euskarara itzuli ditugu», azaldu du Etxabek. «Zati bat itzultzen genuenean pelikularekin batera pantailan ikusten genuen, ondo geratzen zen ziurtatzeko», esan du Esnalek. Euskarazko azpititulu horiek eskuragai daude dagoeneko www.azpitituluak.com webgunean. Lan horrengatik zorionak jaso dituztela aipatu du Agirrek. Beraiek, ordea, ez dituzte oraindik pelikula horiek euskarazko azpitituluekin ikusi... ez eta bestela ere. Onartu dute ez direla zinezaleak. Hori bai, hurrengo ikasturtean antzerako lanak egiteko prest agertu dira Institutuko ikasleak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide