Azkoitia Lagunkoia programaren barruan, galdetegia banatuko dute etxez etxe

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 19a, 11:04

Adinekoen errealitatea ezagutu nahi da kontsultaren bidez, gero neurriak hartu ahal izateko. Egun gutxi barru banatuko dute.

Azkoitiko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek atzo sinatu zuten Azkoitia Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzeko hitzarmena. (Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak atzo sinatu zuen ofizialki Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzeko hitzarmena, "adineko pertsonentzat herri lagunkoia eraikitzeko konpromisoa indartuz". Azkoitia Lagunkoia proiektua urte hasieran jarri zuten martxan –adinekoen talde bat biltzen ari da dagoeneko–, eta, udalaren arabera, atzoko hitzarmenak "egitasmoa sendotzeko eta aurrerapausoak emateko balioko du". Javier Zubizarreta alkateak eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak sinatu zuten akordioa. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailak sustatzen du Euskadi Lagunkoia proiektua, eta Matia Fundazioak koordinatu. Munduko Osasun Erakundeak bultzatutako proiektua da, eta, arduradunen hitzetan, "talderik indartsuena Euskadikoa da". Eusko Jaurlaritzak eredua hartu eta bertako errealitatera egokitu du. Alkateak gogorarazi zuen moduan, Euskadi Lagunkoiak 40 bat udalerri hartzen ditu barnean, eta helburu jakin bat du: "Adineko pertsonentzat herri lagunkoia eratzea, zahartze aktiboa eta parte-hartzea sustatuz". Horrekin batera, Azkoitian lanean ari den talde eragileari eskerrak eman zizkion egiten ari den lanagatik. "Azkoitia Lagunkoia sendotzen ari da, hilero biltzen da eta ekarpen garrantzitsua egiten ari da. Taldea irekia da, nahi dutenek har dezakete parte eta alkate naizen aldetik, taldekideei egiten ari diren esfortzua eskertu nahi diet gaur hemen publikoki", esan zuen Zubizarretak. Azkoitiko taldea Erlantz Allurrek koordinatzen du. "Gero eta adineko gehiago dago, eta bilatzen duguna da gure herria, gure gizartea, lagunkoia egitea bereziki adineko pertsonentzat, baina, azken finean, guztiontzat", adierazi zuen Allurek. Hainbat esparru aztertzen ditu proiektuak, esaterako, espazio irekiak, irisgarritasuna, gizarte kohesioa, garraioa, komunikazioa… Guztira, zortzi arlo hartzen ditu aintzat. "Helburua da herria zenbateraino den lagunkoia ikustea, eta, ahal den heinean, neurriak hartzea detektatzen diren ahulezien aurrean". Galdetegia etxez etxe Allurrek azaldu zuenez, egun gutxi barru galdetegi bat banatuko dute Azkoitiko etxeetan, herria zenbateraino den lagunkoia ikusi eta diagnostiko bat egin ahal izateko. “Animatu nahi ditugu denak galdetegia osatu eta parte hartzera”, erantsi zuen. Sailburuordearen hitzetan, bizi esperantza asko luzatu da: emakumeena 85 urtekoa da, eta gizonezkoena 79koa. "Horrek dakar gizarte zaharkitu baten aurrean egotea, baina errealitate hau arazo bezala ikusi beharrean, aukera moduan hartu behar dugu. Erronka bat da". Amilibiaren iritziz, helburua da "adineko pertsonak autonomoak izatea ahalik eta denbora gehienean, eta haien bizi-kalitatea hobetzea".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide