Euskara indartzeko diru laguntzen deialdia zabaldu du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 10a, 16:05

Enpresetan zein merkataritzako eta ostalaritzako guneetan euskararen presentzia eta erabilera handitzea da laguntzen helburua. Hainbat izan daitezke laguntzak eskatzeko irizpideak.

Enpresetan zein merkataritzako eta ostalaritzako guneetan euskararen presentzia eta erabilera handitzeko diru laguntzak bideratuko ditu Azkoitiko Udaleko euskara zerbitzuak. Hainbat izan daitezke laguntza horiek eskatzeko irizpideak. Batetik, ohiko euskara jarduerak egiteko banatuko dira laguntzak. Kasu horretan, eskaerak aurkezteko epea ekainaren 30era artekoa da. Bestetik, enpresek eta saltokiek aukera dute laguntza jasotzeko kanpoko errotuluak, irudi korporatiboa (poltsak, kartazalak, bisita txartelak, emate-agiriak...), web orria eta programa informatiboak euskaratzeko, eta baita publizitatea euskaraz egiteko ere. Horrela bada, eskatzaileek urriaren 31 baino lehen egin beharko dute eskaera. Enpresei dagokienez, euskara planak egiteko edo garatzeko diru laguntzak eskatzeko epea uztailaren 14an itxiko da. Azkenik, euskara ikasteko laguntzak banatuko dituzte. Ohiko ikastaroetara, trinkoetara edo barnetegira joateagatik eska daiteke diru laguntza, eta baita UEU, EHU/UPV eta Hik Hasiren udako ikastaroetan parte hartzeagatik ere. Kasu horietan, eskaera egiteko azken eguna irailaren 29a izango da. Kopuruei dagokienez, webgunea euskaratzeagatik, publizitatea euskaraz egiteagatik edo materiala euskaratzeagatik kostuaren %60ra arteko laguntzak jaso daitezke, betiere kontuan hartuta gehiengo kopuru bat ezarrita dagoela. Programa informatikoa euskaraz egiteagatik kostuaren %100 jaso dezakete eskatzaileek; gehienez 600 euro. Kanpoko errotulua euskaratzeagatik, berriz, kostuaren %50 eskura dezakete, 360 euro gehienera jota. Euskara ikasteagatik, berriz, matrikularen kostuaren %75 jaso daiteke, ikastaroak gaindituz gero. Bestalde, ikastaro trinkoen, autoikaskuntzaren edota barnetegien kasuan, kostuaren %70 jasotzeko aukera dago, kontuan hartuta gehiengo bat dagoela. Infomazio gehiago eskura daiteke azkoitia.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide