Gizarteko hainbat arazo izan ditu hizpide Garbiñe Biurrunek Azkoitiko Floreaga ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 3a, 20:31

Joxe Agustin Arrietak Garbiñe Biurrun elkarrizketatu zuen atzo, maiatzak 2, Azkoitiko Florega ikastetxeko Don Bosco aretoan, XXVIII. Floreagako Euskal Kultur Jardunaldien barruan. 60 lagun inguru elkartu ziren, eta gizartearen hainbat arazo izan zituzten hizpide, justiziaren ikuspegitik. Hasierako aurkezpenen ondoren, Biurrunen haurtzaroaz eta gaztaroaz hitz egin zuten. Antolatzaileen arabera, Biurrunek asko baloratu zuen bere familia: "Langile familia bat. Aitaren, amaren eta ahizpen elkarbizitza. Amaren indarra, batez ere. Ondasun ekonomiko gehiegi ez izatea, gizarteko desberdinatasunez ohartzea, taldeko konpromisoak hartzea, legeak ikasteko bokazioa. Eta beti giza eskubideak babestea". Zubigintza eta bakegintza landu zituzten jarraian. "Gure gizartean gatazka ugari eta elkarbizitza giro nahasia izan dira. Egia jakitea oso garrantzitsua izango da, memoria historikoa lantzea, gezurraren gainean ezin baita ezer eraiki. Bestalde, gure harremanen sarea ehuntzea eta gauzak elkarrekin egitea premiazkoak izango dira", adierazi zuten hizlariek. Justiziaren arloan, justizia independiente baten beharra nabarmendu zuten: "Epaileek herriaren alde egin behar dute. Eta egin dute, batez ere krisian euren etxeetatik bota dituzten pertsonen alde eta langileen eskubideen alde, erreformaz haratago. Hala ere bide luzea dago hemen egiteko eta jendearen konfiantza berreskuratzeko". Politikaren inguruan, ETA "desagertzear" dagoen honetan, gizartea "oso garai zailetatik" ateratzen ari dela esan zuten. "Indarkeria eta zatiketa oso sakonak izan dira. Espero dugu bost urte barru harreman politikoak normalizatuta egongo direla. Euskal Herrian panorama politiko anitza eta sanoa dago. Erronka batzuk baditugu: justizia soziala, autogobernua, herriaren borondatea gauzatzea... Herria ari da antolatzen era xumean. Jarraian alderdien eta erakundeen txanda izango da". Giza eskubideen defentsan "lan handia" dagoela egiteko azpimarrratu zuten. "Justizia independientea gizakion eskubide bat da. Pobre asko dago gure gizartean, Karitas edo Janarien bankuaren premian, bizitzeko oinarrizko baliabideen faltan; presoen egoera; lanaren prekarietatea… Erronka ugari ditugu eta guztiok dugu erantzukizuna eta zerbait egiteko ahalmena". Elkarrizketaren amaiera aldera, Arrietak hitz klabe batzuk proposatu zizkion Garbiñeri: errepublika, feminismoa, etorkinen integrazioa, genero berdintasuna… Bakoitzari buruzko azalpen labur eta argia eskaini zuen Biurrunek. Saioan zehar Biurrunek bere ilusio, ideia, itxaropen eta konpromisoak azaldu zituen. Hona hemen atzoko saioko argazki batzuk: (Argazkiak: Juan Inazio Sudupe)    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide