Gerra zibilean herritik kanporatutakoak gogora ekarriko ditu Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko api. 21a, 13:14

'Memoria berreskuratzea historia errepikatu ez dadin' lelo hartuta bi hitzordu jarri ditu Azkoitiko Udalak

Gerra zibilean kanporatuak izandako emakumeak gogoratuko ditu Azkoitiko Udalak, "memoria historikoa osatzeko saiakera eginez eta isilik eta ezkutuan mantendu diren bizipenen protagonista anonimoei merezitako tokia emanez", azaldu dute udaletik. Memoria berreskuratzea historia errepikatu ez dadin lelo hartuta bi ekitaldi antolatu ditu Azkoitiko Udalak datozen asteetan: bata, apirilaren 28an izango da, eta bestea, maiatzaren 4an. Udalak 1937an Azkoititik kanporatuak izan ziren emakumeak gogoratu nahi ditu: "Udalak dituen datuen arabera 29 emakume izan ziren Azkoititik kanporatuak, eta haiekin batera 32 ume". Memoria berreskuratzeaz gainera, "bakea eta elkarbizitza" aldarrikatu nahi ditu udalak, "berriro inorri, inon, gerta ez dakion horrelakorik". Apirilaren 28an (ostirala) Ama nora goaz? pelikula-dokumentala emango dute Baztartxon, 19:00etan. Hori bukatutakoan, Iban Gonzalez dokumentalaren zuzendariarekin solasaldia izango da. Segidan, erbesteratuak izan ziren emakumeak gogoan ekitaldia egingo dute, Jose Kruz Gurrutxagak aurkeztuta. Ama nora goaz? dokumentalean gerra zibilean euren etxe eta herrietatik kanporatuak izan ziren euskal emakumeen bizipena jaso dute. Parte hartu dutenen artean, garai hartan umeak ziren bi azkoitiar daude: Agate Sudupe eta Tere Larrar. https://vimeo.com/190712406 Maiatzaren 4an (osteguna), Kirmen Uribe idazle ondarroarraren solasaldia izango da, 18:30ean, Elkargunean. Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa argitaletxea, 2016) liburuaz hitz egingo du, Xabier Euzkitzek gidatuta. Azkoitiko Udalak herritarrak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu, "elkarbizitza eta garai berriengatik". https://vimeo.com/192604675

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide