Hainbat berrikuntzarekin aterako da bihar Azkoitiko haurren danborrada

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko api. 21a, 11:29

17:30ean hasiko dute haurrek 52. danbor festa Balda Plazatik. 250 umek baino gehiagok parte hartuko dute.

Iazko Azkoitiko haurren danborrada (Nerea Uranga). Bihar arratsaldean, apirilak 22,  izango da Azkoitiko 52. haurren danborrada. Aurten hainbat berrikunza izango ditu Azkoiriko haurren danborradak: bi konpainiak jantzi berriak estreinatuko dituzte eta beste urteetan baino talde gehiagok parte hartu dute danbor festaren antolakuntzan. Haurren danborradan parte hartuko dutenak 17:00etan elkartuko dira Balda plazan, eta 17:30ean hasiko dute desfilea. Sei konpainiatan banatuta, 5 eta 12 urte bitarteko 250 umek baino gehiagok parte hartuko dute. Honako ibilbidea egingo du haurren danborradak: Balda plaza, Santa Klara, Trino Uria kalea, Julio Urkixo etorbidea, Balda plaza, Plaza Berri, Kale Nagusia, herriko plaza, Umore Ona elkartea, Kale Nagusia, Aingeru kalea eta Oteiza frontoiak. Sei konpainietatik bik jantziak estreinatuko dituzte: batekoak, abarketariz jantzita joango dira, eta bestekoak Umore Ona elkartearen jantziak eramango dituzte. Baina aurtengo danborradan abarketariek izango dute protagonismoa, desfilean aterako den karrozaren gaia ere hori izango baita. Karrozan hamabi lagun aterko dira. Danborradaren antolaketan aurreko urteetan baino talde gehiagok hartu dute parte. Aurrekoetan Umore Ona elkarteak antolatu izan du, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Aurten, ordea, Txintxarri taldea eta Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Ikastetxeko ordezkariak batu dira lan horretara. Danborradaren egunean, hamar pieza joko dituzte gaztetxoek: kaleetan Gazteak, Baleo, Hau da hau eta Xoxote piezak joko dituzte; Balda plazan, Azkoitiko Udal Musika Bandarekin, Umore Ona, Diana, Deba, Xoxote eta San Sebastian martxa; Umore Ona elkartearen aurrean, Musika Bandak lagunduta, Umore Ona; eta Olaberri tabernaren parean, Xoxote.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide