Santiagoko proiektua ordaintzeko konpromisoa hartu du Madrilek

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko api. 6a, 10:03

Kosta Zuzendaritzak bere gain hartuko du proiektuaren aurrekontua; hau da, 1,7 milioi euro. Arrapala berria, eta tunel ondoan, begiratokia eta kantina egingo dituzte

Santiagoko hondartzara jaisteko eskaileren eta arrapalaren fotomuntaketa. (LKS/ Zumaiako Udala) Santiagokoa beti izan da Zumaiako beste hondartza. Herritarrak Itzurungo hondartzara joaten ziren, eta kanpotik zetozenak Santiagora. Kontuan hartu behar da hondartza hori Urola ibaiaren itsasoratzean kokatzen dela, eta orain dela urte batzuk, ez hainbeste, ibai horretako urak kutsatuta jaisten zirela. Zumaian eta bailarako beste herrietan, araztegiak egin ondoren, hondartzako uren kalitateak hobekuntza nabarmena izan du. Horrez gain, Itzurunek izan duen masifikazioaren ondoren, gero eta herritar gehiago joaten da Santiagora, oinez edo uda garaian Urolaren itsasadarra zeharkatzen duen ontzian. Horrek oraindik eta ageriago utzi ditu hondartza honek dituen gabeziak: irisgarritasun falta hondarretara jaisteko eta hobekuntzen beharra zerbitzuetan. Zumaiako Udala agintaldiz agintaldi joan da Santiagoko azpiegiturak hobetzeko plan edo proiektuak iragartzen. Batzuk besteak baino asmo handiagokoak zituzten: mende hasierako proiektu batean Izustarri puntarainoko itsasertzeko pasealeku bat egitea planteatzen zen. Bazen, baina, proiektu denek jasotzen zuten elementu bat: gaur egun hondartzara jaisteko dauden eskaileren eremu horretan arrapala bat egitea eta, horri esker, paduraren ertzean dagoen bidea, autoentzat, behintzat, ezabatzea. Baina, asmoak asmo, gogoak gogo, kontuan hartuta eremu horren eskumena Espainiako Gobernuarena dela, proiektu horiek denak Hirigintza saileko armarioetan edo tiraderetan amaitu dute. Irtenbidea, baina, hurbil egon daiteke. Hala iragarri du Zumaiako Udalak atzo eguerdian Alondegiko Oxford aretoan egindako bilera ireki batean. Santiagorako planteatzen duten proiektuaren berri eman zuen Oier Korta alkateak, baita Espainiako Gobernuak lan hauek ordaintzeko konpromisoa azaldu duela iragarri ere. Bileran Gorka Arregi udal arkitektoa eta Jon Iraola zinegotzia ere izan dira. Arrapala eta begiratokia 2015eko urrian Madrilen Kosta Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin bildu ondoren, Udalak LKS arkitektura eta ingeniaritzako aholkularitza enpresari eskatu zion Santiagorako proiektua diseinatzeko. "Tunel ondoan dagoen eremua berreskuratzea planteatzen genuen, espaloia azkentzea eta pasealekua tuneleraino eramatea", adierazi du Kortak. Lan horiez gain, Erdiko Haitzetik (tunelaren bestaldean) hondartzara eramateko eskailera batzuk egitea ere jasotzen da proiektuan. Gaur egun hondartzan dagoen kantina ere ingurune horretara eramango da. Harmaila batzuk ere egingo dira itsasoari begira egoteko. Begiraleku horretara joateko pasealekua tuneleraino luzatzea ere jasotzen du diseinuak. "Inguru horretan dagoen dunaren gainean egurrezko hegala joango litzateke; bi metroko zabalera duen espaloia izango du", adierazi du Gorka Arregi arkitektoak. Aurreko plangintzetan bezala, arrapala bat egingo da orain eskailerak dauden lekuan. "%6ko desnibela izango du arrapala honek, eta oinezkoez gain, hondartza garbitzera joaten diren ibilgailuen sarbidea ere bertatik izango da". Azpiegitura honen azpian 400 metro koadroko espazioa sortuko dela aurreikusten dute. Bertan kokatuko dituzte komunak, aldagelak eta sorosleen lokala eta biltegia, besteak beste. "Oinarrizko zerbitzu sareak instalatuko dira eta saneamendu lanak ere egingo dira", iragarri dute. Kaltetuta dauden azpiegiturak –kantina, adibidez– lekutik kenduko dituzte. Proiektua gauzatzeko aurrekontua 1.723.054,90 eurora heltzen dela jakinarazi du udalak. Espainiako Gobernuarekin heldutako konpromisoaren arabera, lan horiek Kosta Zuzendaritzak ordainduko lituzke. Kopuru horretan ez dira sartzen arrapala azpiko zerbitzuen eta kantinaren kostuak. "Horiek ordaintzeko ikusiko dugu beste administrazioak,aldundia, jaurlaritza, interesatuak dauden". Epeei dagokionez, zuhurtasuna eskatu du Kortak. "Beste administrazioak ingurumen-inpaktu txostenak eska ditzakete eta horrekin epeak luzatu. Hala ere, Kosta Zuzendaritzatik lasai egoteko esan digute. Baina zuhurrak izan gaitezen. Badakigu administrazioen erritmoak nolakoak diren batzuetan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide