Serbitzu eta Iragazeko ordezkariak Azkoitiko udal ordezkariekin. (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Serbitzu taldean dagoen Iragaz enpresa bisitatu eta daukaten maila teknologikoa hurbiletik ikusi dute Azkoitiko Udal ordezkariek. Izan ere, konpainia patente bat eskuratzeko bidean da, industria lurrak deskontaminatzeko asmatu duen teknika berritzailea tarteko. Industria lurrak deskontaminatzeko teknika berritzailea asmatu duen konpainia patentea da Iragaz. "Pozgarria da Azkoitian lehen mailako proiektuak garatzen ari direla ikustea eta uste dut herritarrek jakin beharrekoa dela", adierazi du Javier Zubizarreta alkateak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta EHU/UPVrekin elkarlanean, hiru urte daramatza proiektuan lanean Iragazeko lantalde teknikoak. "Denbora horretan ez Euskadi eta ez estatu mailan ezagutzen ez den formula bat topatu dute kutsatutako lurrak erremediatzeko. Bi prozesuren arteko konbinaketa batean datza, bat kimikoa, bestea, biologikoa: nanopartikulen aplikazioa eta konpostaren bidezko biorremediazio prozesua", azaldu du Azkoitiko Udalak.
Zabortegia alde batera utzita, alternatiba bat eskaintzen dute, eta degradatutako espazioak berreskuratzeko ingurumen parametro guztiak betetzen ditu. "Gertutik ezagutzeko aukera izan genuen Anberesko eredua duela hiru urte eta Belgikan ez da ezer zabortegira eramaten, tratamendua ezinezkotzat jotzen ez bada", jakinarazi du Iragazen zuzendari Miguel Sanchezek. "Hemen aktibitate industriala jasan duten lur partzela guztiak dira potentzialki kontaminatzaileak. Zenbat altzairu-fabrika egon den pentsatu besterik ez dago".
Azaldu dutenez, nanopartikulak lurrazpiko urak deskontaminatzeko erabiltzen ziren Iragazeko lantaldea ikerketarekin hasi zen arte. "Pentsatu genuen nanopartikulak erabiliz nonbaitera iritsi gintekela, baina ez genuen nanopartikulak ekoizten geu hasi nahi. Mundu guztiak hiru hornitzaile bakarrik daude eta Txekiakoarekin jarri ginen harremanetan", adierazi du Amaia Mendoza industria ingeniariak. Handik gutxira laborategiko hozkailua materialarekin bete eta probak egiten hasi emaitzik lortzen ote zen ikusteko. Hori horrela, 2015ean teknika mistoa praktikan jartzeari ekin zioten eraginkortasuna egiaztatzeko. "Ikusi genuen bi prozesuen nahasketak tratamendua indartu egiten zuela eta bien ordena ere garrantzitsau dela eta eragina duela. Efektiboagoa da lehendabizi nanopartikulak aplikatzea eta gero biorremediazioa, alderantziz egitea baino. Kanpoan egindako entseguetan emaitza arrakastatsua lortu genuen, %60an murriztuz hidrokarburo alifatikoa bi hilabeteren buruan".
Sistema mistoaren eraginkortasuna egiaztatu eta gero, administrazioaren lizentziaren eta patentearen zain dauden bitartean, entsegu berriekin jarraitzen dute. Prozesu hori lurra puskatu gabe tokian bertan injekzio bidez aplikatu daitekeen ikusi nahi dute, eta nanopartikulen aplikazioa optimizatuz kostuak murriztea bideragarria den ere ikertu nahi dute. Lehenengoari dagokionez, jada lanean ari dira lurrez beteta laborategian dituzten kubetekin eta hori da 2019rako ezarri duten erronka.