Aste Santutik azarora arte egunero izango dira Geoparkean irteerak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mar. 15a, 09:17

Bisita gidatuen denboraldi berria aurkeztu dute Donostian. Esperientzia berriak prestatu dituzte aurten. Azken urtean bisitetan parte hartutakoen kopurua % 44 igo da

Aldundiko, Debako, Mutrikuko, Zumaiako eta Geoparkeko arduradunak aurkezpenean. (Juan Luis Romatet) Naturarekin lotutako turismoa modan dagoela agerian utzi du Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak iaz izandako bisitari kopuruaren gorakadak. Zenbakiak azpimarratzeko modukoak dira: erakunde hori osatzen duten hiru udalerrietako turismo bulegoetatik pasatutako bisitari kopurua % 50 igo da; eta, Geoparkeak antolatutako irteera gidatuetan parte hartu duten lagunen kopurua, berriz, % 44 hazi da. Ekoturismoarekin edo naturarekin lotutako turismoaren erreferente bihurtu da Euskal Geoparkea sortu zenetik, 2010. urtetik. Hilabete honetan bertan hasi da Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen duten natur erakundearen irteera gidatuen denboraldi berria. Hori aurkeztu zuten atzo Donostian, Boulevardean dagoen Explore San Sebastian Region izeneko bulegoan. Denis Itxaso Gipuzkoko Foru Aldundiko kultura, kirol eta turismo diputatuak harrera egin zien hiru herrietako alkateei eta Geoparkeko kideei, eta eskerrak eman zizkien aurkezpena egiteko bulego hori aukeratu zutelako. Gogoratu zuen Gipuzkoara heltzen diren bisitari gehienak Donostiara iristen direla, baina ondoren kostaldera eta barrualdera joaten direla, "puntu interesgarriak daudelako". Zentzu horretan, Geoparkearen garrantzia goraipatu zuen Itxasok. "Albaola eta Balenciaga museoekin batera, Geoparkeak garrantzia handia izan du Gipuzkoako turismoaren berpiztean. Lana ongi egin da, eta ondo definitutako produktu bat osatu duzue, gustatzen dena, gainera". Geoparkearen funtzioa "interpretazioa" dela adierazi zuen Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunak. Irteera gidatuen bidez "etortzen diren bisitariek zerbait ikastea eta ulertzea" nahi dutela eman zuen jakitera. Zazpi urte dira irteera gidatuak antolatzen hasi zirela eta aurten inoiz baino gehiago eskainiko dituzte. "2017 honetan ia 1.200 bisita programatuko ditugu, martxoan hasi eta urte bukaerara arte. Aste Santutik azaroko zubira arte egunero izango ditugu irteerak. Lehen asteburutako kontuak izaten ziren, ordea, ikusi dugu orain jendea astegunetan ere mugitzen dela". Iaz, 22.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan, aurreko urtearekin alderatuta, % 44 gehiago. Bestalde, Geoparkea euren kontura bisitatu zuten bidaiariak ere izan ziren. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoek jasotako datuen arabera, 75.000 lagun baino gehiago inguratu ziren 2016. urtean. Bisitari horien jatorriari buruz galdetuta, "gehienbat Espainiako estatukoak" direla esan zuen eta, ondoren, Euskal Herri bertakoak. "Ikusten ari gara atzerritarren kopurua ere gorantz doala. Frantsesezko eta ingelesezko audiogidak ditugu taldekako irteeretan eta aurten alemaniarra ere gehituko dugu. Etorkizunean bakarkakoei ere audiogidak eskaintzeko helburua dugu". Hiru esperientzia berri Hamabost dira bisitariei eskainiko zaizkien esperientziak. Flyscharen ibilbidea da horietatik esanguratsuena, baina aurten berriak ere izango dira, horietako bat da Flyscha, begirada batean izenekoa: itsasontziz ibilaldia izango da, eta labarrak uretatik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Aurten estreinatuko diren beste bi esperientzia Debako Santa Maria eliza ezagutzera emateko sortutako Gotikoaren altxorra, Deban eta Mutriku marinela izenekoak dira. Azken honek Mutrikuko hirigune historikoa ezagutzea du helburu. Kantitatea, baita ere kalitatea. Itxasok eta Barriusok nabarmendu dutenez, bisita gidatu hauetan parte hartu dutenek "asebetetze maila altua" erakutsi dute. "Irteera hauetan parte hartzen dutenei inkesta bat betetzeko eskatzen zaie, eta 10etik 8,5eko balorazioa eman digute. Erreserbak on line egiteko aukera izatea eta gidarien atentzioa dira, besteak beste, gehien txalotu dituztenak", aipatu du Geoparkeko arduradunak. Euskal Geoparkeko bisita gidatuetarako Internet bidezko erreserbek etengabe egin dute gora azken urteotan. Iazko erreserben %60a geoparkea.com webgunearen bidez egin zen. "Horrek webgunea etengabe zaintzera eramaten gaitu", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide