Bideoaren egile Imanol Urrestarazu eta Zumaiako Udaleko Berdintasun teknikari Karmele Gomez. ( Juan Luis Romatet)
Emakumeek kirol munduan bizi duten egoerak aldaketa handia izan du azken urteotan onera, oraindik, ordea, badago non lana egin. Hori da herenegun Alondegian egin zen ekitaldian ateratako ondorio nagusia.
Zumaiako emakumeak kirolean izeneko bideoa aurkeztu zen eta, gero, eztabaida izan zen bertaratutakoen artean.
Kirolarekin lotutako jendea bildu zen batik bat. Hasteko, Karmele Gomez Berdintasun teknikariak 2015. urtean emakumeak eta kirola gai bezala hartuta egin zen diagnostikoaren datu batzuk eman zituen. Hala, eskola kirolean nesken eta mutilen artean parekotasuna zegoela goraipatu zuen, baina, aldi berean, puntu ilunak ere badituela nabarmendu zuen, lehiakortasun eta jarduera bortitzak bultzatzea, hurrenez hurren. Talde mistoak eratzearen alde ere egin zen.
Errendimenduko kiroletan, berriz, aldea asko handitzen da: horietan parte hartzen duten %73 gizonak dira eta % 27 emakumeak. Aldea areagotu egiten da klubetako zuzendaritzetan: %83 gizonak dira eta %17 emakumeak. "Kirol elkarteek saiatu beharko lukete emakumeen partaidetza sustatzen", adierazi zuen Gomezek. Bakarkakoetan baino, emakumeek taldekako kiroletan aritzeko ohitura dutela esan zuen, eta 18 urtera heltzean, orokorrean, kirola utzi egiten dutela.
Imanol Urrestarazu da
Zumaiako emakumeak kirolean bideoaren egilea. Ikus-entzunezkoan arraunlariak, pilotariak, eskalatzaileak eta aisialdiko kirola egiten duten emakumeak agertzen dira, besteak beste. Zuzendariaren iritziz, garrantzitsuena "gauzak jasota geratzen direla da, urteetara ikusten delako nolako garapena izan den. Askotan gertatu da elkarrizketatuek esan didatela ea zer duten esateko, zerk egiten dituzten bereziak. Justu kontrakoa da. Hitz egiten duten guztiek gauza garrantzitsuak kontatu dituzte".
Errealitate eta egoera "larri" asko ikusi dituela azpimarratu zuen Urrestarazuk: "Instituzioetatik klubetara ematen den diruaren erabileran eta banaketan ilegalitate batzuk daude. Egia da bilakaera onerakoa dela, baina, adibidez, niri oso larria iruditu zait lehiakortasuna eta kluben artean dagoen konpetentzia. Fitxa kopuruaren arabera baliabide gehiago izango dira. Instalazio onak behar dira, taldeak maila guztietan... Hain beharrezkoa al da hori? Gero, lehiakortasun hori herritarrei heltzen zaie".
Bideoan parte hartzen duten emakumeek zenbait oztoporen berri eman zuten. Hala, hilekoak edota haurdunaldiek errendimenduko kirolean duten eraginaren berri eman zuten batzuek. Ainhoa Azurmendi kirolean eta generoan adituak mito horiek bertan behera utzi zituen. «Ikerketen arabera ezin da konfirmatu hilekoak eraginik duenik kirol jardueran. Are gehiago, kirola egiteak mina kentzen du». Haurdunaldia, berriz, "fase bat" dela adierazi zuen, "ez gaixotasuna".
Gizonen kirolak estatus handiagoa duela gaineratu zuen. "Baliabideen banaketan eragina du horrek. Horri buelta eman behar zaio. Kalitatean ere badago zer hobetua; entrenatzaileen maila, ordutegiak... Horrek ere badu eragina kirola uzteko orduan".
Amaitzeko eztabaida zabaldu zen kirola hizpide hartuta, gai ezberdinen artean. Hala, Gomezek zuzendaritzetan dagoen emakumeen eskasia atera zuen plazara. Arritxu Iribar kazetariak Zumaia, zentzu horretan, "salbuespena" dela esan zuen. "Eskubaloian, futbolean, mendian, surfean... Zuzendaritza horietan emakumeak izan dira". Bere ustez denek inplikatu behar dute lan horretan.
Maria Pilar Manterolak txikiengan dagoen lehiakortasuna salatu zuen: "Txikitatik lehia sartzen zaie buruan. Zergatik?". Haren ustez, eskola kirolean ez dira lana ongi egiten ari. Ainhoa Azurmendi lehiaketa "demonizatzearen" aurka atera zen. "Lehiatzea ez da txarra. Azken finean, bizitza zer da ba? Eskola kirolean jendearen jarrera da salagarria".