Axier Lopez: "Delitua dela jakin arren, orain berriro egingo nuke"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mar. 2a, 09:28

Barakaldokoa da jaiotzez Lopez, baina gaur egun Zumaian bizi da ‘Argia’-ko kazetaria. 'Mozal legea' ezarrita, isuna jaso duen lehen kazetaria da. Espainiako Gobernuak ez dio isuna kendu eta martxoaren 13an epaiketa du, Gasteizen.

Axier Lopez. (Juan Luis Romatet) Nola bizi izan dituzue azken pauso hauek? Espainiako Arartekora ez genuen guk eraman auzia, Espainiako zenbait hedabidek osatutako Informazio Askatasunaren Defentsarako Plataformak (PDLI) modu propioz erabaki zuen kasua Espainiako Arartekoari bidaltzea. Bai nirea eta baita beste bi kazetarirena ere: bata katalana, bestea madrildarra. Mundiala izan da. Elkartasun oso praktikoa, gainera. Espero ez genuena, ordea, Arartekoaren iritzia izan zen. Hangoa, hemengoa bezala, gobernuan dagoen alderdiak jarritakoa da. Hark esatea poliziak delegaziora bidalitako txostenean argudioak falta zirela, eta eskubideak bermatu ez izanagatik isuna inkonstituzionala zela, handia izan da. Halakoengandik hori entzutea ez nuen espero. Gero, Espainiako Gobernuak ez die kasurik egiten mozal legearen aurka agertu diren alderdikideei. Noski, ez genuen bestelako erantzunik espero. Arartekoaren erabakiaren berri izan zenutenean, itxaropen txikiren bat izango zenuten. Espainiako Gobernuaren aldetik ez, mozal legearekin tematuta dagoelako. Espainiako estatuko historia hurbilean mozal legeak lortu duen bezalako aurkakotasunik pentsatzen dut ez duela ezerk lortu, ezta Lomcek ere. Arku politiko osoa, herri mugimenduak, ez da kazetari bat bera ere agertu horren alde... Ikaragarria izan da lortutako erantzuna. Baina [Mariano] Rajoyk oso ondo ezan zuen: "Ni ez naiz hona etorri azken urteotan onartu dugun ezer birplanteatzera". Haien kasuan atzera egitea izango litzateke. Guretzako oso ondo egon da, argi genuelako auzi politiko bat zela. Politikariek sortutako arazo bat da, eta horri konponbide politikoa eman behar zaionez, lehenbizi salaketa publikoa egin dugu, eta, orain, salaketa judiziala egingo dugu. Nola planteatzen duzue bide hori? Mozal legeak jartzen dituen isunak administratiboak dira, trafikoko isunak diren bezala. Isuna jartzen badizute, ordaindu egin behar duzu. Gero, salaketa jar dezakezu hor eskubide urraketa egon dela argudiatuz. Isuna jaso eta segituan jarri genuen errekurtsoa. Jakin dugu martxoaren 13an dela epaiketa, Gasteizen. Gurekin harremanetan jarri direnen artean espero ez genuen jendea izan da; tartean, abokatu talde batzuk. Kazetaritzarekin lotutako Espainiako lehen kasua denez, interesgarria egiten zaie bide judizialetik joatea. Ikusten dute legea atzera botatzeko zirrikituak aurki daitezkela. Hemengo instantzietan ezetza jasoz gero, Europara eraman daitekeela diote. Aukera badugu, ahal dugun tokietara joango gara. Eskubide urraketa dagoenez, eredu izan behar da lehen unetik. Lehen unetik soinua egitera atera gara. Ez genuen inola ere espero gai hau New York Times batean agertzea edo Eusko Legebiltzarrera joatea hitz egitera; legeak egiten diren leku batean lege bat desobedientziaz hitz egitea, eta hori onartzea handia da. Nahiz eta gero, beraien hitza bete ez, horren ostean Ertzaintzak mozal legea aplikatzen jarraitu izan duelako. Epaiketari begira aukerak nola ikusten dituzue? Zailak. Epaiketaren data jasotzearekin batera, Polizia Nazionalak epaiketari begira egindako txostena jaso dugu. Haien ikuspegia eta gure argudioak nola desmuntatu nahi dituzten dago hor. Ematen dituzten bi argudio nagusiak dira beraiek ez zirela txanoekin estalita joan; ez zituztela aurpegiak estali, hau bezalako lege bat dagoelako. Lege honekin jendea salatu dezaketela badakite. Orduan, zertarako jantziko dituzte txanoak. Beste argudioak dio, eta hau larriagoa da: argazkiek hedapena izan zutela, batez ere hedabide abertzaletan, eta aipatzen ditu Topatu, Ahotsa eta Argia. Segidan diote ETA oraindik indarrean dagoela, ez dela desegin eta badaudela Ospa eta Alde Hemendik bezalako mugimenduak, beraien bizitzak arriskuan jartzen dituztenak. Betiko argudioa da, baina, kasu honetan, hedabide bat sartuta. Oso bitxia da nola azpimarratzen duen une oro "medio abertzalea", ostean dena batera sartzeko. Argazkietan ez zaie aurpegia ikusten. Ezin dira identifikatu. Egia esan, aurpegiak parez pare izango balira ere berdin argitaratuko nituzke. Funtzionario publikoak dira, espazio publiko batean, kalean, beraien lana egiten. Egiten duten lan horretaz lotsatzen badira, ez badute beraien burua ezagutzera eman nahi, egin dezakete Euskal Herrian egin diren atxiloketa guztietan egin dutena, hau da, beraien aurpegia estaltzea. Naroa [Ariznabarreta] atxilotzekotan zeuden. Argazkietan pertsona batzuk kotxe batean sartzen ikusten da. Nire eskubidea eta nire eginbeharra da, haien onerako ere: gertaera hura guztia jasotzea, atxiloketa normal joan zela, eta tratu ona eman zitzaiola. Zigortzen dutena ez da argazkiak ateratzea. Ni han egon nintzenean ez zidaten ezer esan. Zabaltzea da zigortzen dutena. Inkoherentea erabat. Inkoherentea baino, koherentea da beraien filosofiarekin. Mozal legea M15aren garaian sortu zen, Espainian aspaldi ikusi gabeko mugimenduak izan ziren. Kalera ateratzeko molde berriak ziren: etxeak husteak, eskratxeak, zentral nuklearren inguruan Greenpeacek egiten zituenak, kazetaritza herritarra. Hau ez da kazetarion gauza bat bakarrik: edozeinek atera dezake kamera bat eta langile publikoen lana grabatu. Hori ez dago inon zigortuta. Hau atera zuten, espresuki, jokamolde zehatz edo protesta molde batzuk zigortzeko eta kazetaritza herritarra beldurtzeko. Horren aurrean ez dugu defentsarako eskubiderik. Haiek diote hala dela, eta isun administratiboa jasotzen duzu. Gero, nahi baduzu, prozesua hasten duzu, horrek dakarren guztiarekin. Guk zortea izan dugu, hedabideak era kolektiboan hartu duelako. Ikusita, ordea, kazetaritzaren egoera prekarioa, beste hedabide batek nahiago izango du, agian, 600 euro ordaindu eta ahaztea. Horrela, hurrengo batean ez duzu berdin jokatuko. Hori da niretzako arriskutsuena. Damutu al zara argazki horiek ateratzeaz? Ez, oso harro nago bidegabea den lege bat desobeditu izanaz, jakin gabe desobeditzen ari nintzela. Orain, berriro egingo nuke delitua dela jakinda ere, edo beraien interpretazioaren arabera, hala dela jakinda. Horrelako atxiloketak, ataritik kotxera bidean poliziak pertsona bat sartzen duen unea, ikusi ditugu Teleberrietan, hedabide denetan; Rodrigo Ratoren, Granadako alkatearen atxiloketetan edo ustelkeriarekin lotutako beste hainbestetan. Polizien aurpegiak, polizia autoen matrikulak... arazorik gabe hedabideetan eta nazioarte mailan sona handia izandako albisteetan agertu dira. Kasualitatea Espainiako estatuan mozal legearekin lotutako lehen isuna hedabide txiki, independente eta euskaldun bati ezartzea. Zer pentsatua ematen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide