Goienerreko Alex Lopez herenegun Alondegian egindako bileran. (Juan Luis Romatet)
Azken asteotan hizpide izan da argindarraren prezioaren igoera. Euririk ez duela egin, haizea munduaren beste puntara joan dela putz egitera edo Aljeriatik erosten den gasa garestia dela. Mila eta bat aitzakia jarri dituzte enpresek eta Espainiako Gobernuak igoera hori justifikatzeko. Horren aurrean zerbait egiterik ba al dago argindarraren faktura jaisteko?
Galdera horri erantzun zion Goiener kooperatibako kide Alex Lopezek Eskubide Sozialen Kartak antolatutako bileran. Orain dela hamar egun kooperatiba beraren berri eman zuen Goienerrek Zumaian; oraingoan, berriz, faktura bat nola irakurri behar den eta, garrantzitsuena, ordaindu beharreko kopurua nola jaitsi daitekeen azaldu zuen.
Argindarra komertzializatzeko orduan bi era daudela azaldu zuen Lopezek: merkatu librea eta arautua. "Merkatu librean enpresak beraiek ezartzen dituzte prezioak, eta ezin dute bono sozialik eman. Araututakoan, berriz, prezioak gobernuak eta bost enpresa handiek (Endesa, Iberdrola, Union Fenosa, HC Energia eta Enel Viesgo) ezarritakoak dira. Horiek badute bono soziala emateko aukera. Zalantzarik gabe, merkatuko preziorik merkeenak daude hor", adierazi zuen.
Bono soziala eskuratzeko aukeraren berri ere eman zuen adituak. Horretarako zenbait baldintza bete behar dira: 3 kilowatt-ordu (kwh) baino gutxiago kontratatuta izatea, familiako kide guztiak langabezian egotea edota familia ugaria izatea, hurrenez hurren. "Badago eskaera egiteko gobernuaren webgune bat, baina bulego fisikoetan, gure kasuan Iberdrolarenean, behartuta daude informazioa ematera".
Fakturan zer begiratu
Argindarraren faktura bat ulertzea ia ezinezkoa da. "Enpresa batzuek gauzak lekuz aldatzen dituzte, oraindik eta gutxiago ulertzeko", Goienerrekoaren arabera.
Lopezen esanetan, hiru dira faktura batean kontuan hartu behar diren puntuak: "Batetik, CUPS izenekoa dugu; hornitzaile puntuaren matrikula da hori. Etxeetara komertzialak etortzen direnean, eta faktura bat eskatzen dutenean, CUPS horren bila aritzen dira. Zenbaki horrekin eta datu pertsonalekin kontratu mota aldatu dezakete gu ohartu gabe". Komertzialei fakturak ez erakustea gomendatu zuen. "Ez utzi inoiz faktura bat haien eskura. Eskaintza bat badute, idatziz egiteko eskatu eta erantzungo zaiela esan".
Kontuan hartu beharreko beste bi puntuak kontratatutako potentzia eta
peajea deritzona dira. "Kontratatutako potentziaren arabera jakin dezakegu zenbat tresna entxufatu ditzakegun". Argindarraz gain gas zerbitzua ere kontratatuta izanez gero, 3,3 kwh-ko potentziarekin nahikoa da; etxean gasik ez bada, ordea, 4,4 koa beharko genuke, adituaren ustez.
Peajeari dagokionez, etxebizitzen %80 inguruk 2.0A deritzona duela informatu zuen. "Horrekin eguneko ordu guztietan prezio bera du argindarrak". Beste %20ak 2.0DHA izenekoa du. "Horrekin eguneko zenbait ordutan argindarra merkeagoa da".
Faktura gutxitu
Nola jaitsi daiteke, ordea, enpresei argindarragatik ordaintzen zaien dirua. Goienerrekoak zenbait adibide eman zituen: "Faktura batean potentzia, kontsumoa, zerga elektrikoa, kontadorearen alokairua eta BEZ daude. Beste guztia estrak dira eta horiek kentzea eskatu daiteke".
Faktura gutxitzeko modu eraginkorrena kontratatutako potentzia jaistea dela nabarmendu zuen. "Urtean fusibleak pare bat aldiz ez badu salto egiten, seinale potentzia handiegia dugula kontratatuta. Jaisten den tarte bakoitzeko 60 euro aurreztu daitezke urtero. Jaitsiera, baina, kontuz egin behar da".
Peajean 2.0DHAra aldatzea izan daiteke beste era bat. "Neguan 22:00etatik 12:00etara izaten da prezio merkea eta udan 23:00etatik 13:00etara. Eguneroko jardueren %30 prezio merkeko unean eginda, dirua aurrezten hasi gaitezke, eta erdia ordu tarte horretan eginda aurrezki interesgarriak lortu ditzakegu". Hala ere, "kwh merkeena erabiltzen ez dena" dela esanaz amaitu zuen hitzaldia Goienerreko kideak.
Bazkide kopuruan gorantz doan kooperatiba
Argindarraren industria lau zatitan banatzen da: energiaren sorkuntza, garraioa, banaketa eta komertzializazioa. Sorkuntzan eta komertzializazioan egiten du lan Goiener kooperatibak, liberalizatuta dauden bi zatiak direlako (beste biak Espainiako Gobernuak araututa ditu). Energia (garbia) merkatuan zuzenean erosten du. Argindar hori jasotzeko Goienerreko bazkidea izan behar da. Bazkide kopuruak gora egin du azken hilabeteotan eta egun 5.800 bazkide ditu eta 6.400 kontratu. Fakturazioak ere gora egin du, eta iaz lau milioi euro fakturatu zituen.