Jaialdian parte hartuko duten zenbait lagun haurrez inguratuta, pasa den astean egindako aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)
Azken urteotan bezala, Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak hasiko du Zumaiako Inauterietako egitaraua. Aurten hamargarren urtez kalejira bat egingo dute herrian zehar; baina ekitaldi handi bakarra izan beharrean, zazpi ekitaldi txiki egingo dituzte ibilbidean zehar. Zazpi ekitaldi, Euskal Herriak dituen lurraldeak adina.
Hamargarren kalejira honek Euskal inauteriak hartuko ditu gai bezala. Musika Eskolak antolatutako lehen bi kalejirek euskal tradizioei lotutako gaia izan zuten: Lantzeko inauteriak aurreneko urtean eta Akelarrea bigarrengoan. Gero, ondorengo urteetan, euskal gaiak erabat atzean utzi gabe, beste mundu batzuetara egin zuten salto: Asterix, superheroiak edo zirkoa izan dira, besteak beste, jaialdietan landu dituzten gaiak.
Hamargarren urtea duten honetan, ordea, hasierara itzultzeko asmoa erakutsi dute eta berriro bertako inauteriak edo festak hartu dituzte jai giroan murgiltzeko aitzakia.
Gaian bakarrik ez, ikuskizunean bertan ere, izango dira aldaketak. Aurreko jaialdietan, kalejiraren ondoren, ekitaldi handi bat egin izan dute. Aurten, aldiz, bidean zehar geldialdiak egingo dituzte, musika, dantza eta antzerki saio laburrak eginez. "Zazpi probintzia ditu Euskal Herriak eta zazpi izango dira egingo diren geldialdiak. Probintzia bakoitzari dagokion dantzak egingo dira eta bertako pertsonaien inguruko antzerki saioak izango dira", adierazi du Sofia Oriak, Musika Eskolako zuzendariak. Joan den ostegunean Beheko plazan aurkeztu zuten aurtengo jaialdia, bertan parte hartuko duten hainbat lagunekin.
Jaialdian parte hartuko dutenak dira: Zumaiako Udal Musika Banda; Inazio Tolosa, Esti Curiel, Goizeder Iturain eta Telmo Irureta aktoreak eta antzerki tailerreko ikasleak; Bertso Eskolako kideak; Ander Hormazuri eta Juan Luis Blanco txalaparta jotzen; eta Musika Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak.
Ikasle, irakasle, musikari, antzezle, guraso eta herritarrez osatutako taldea 18:30ean bilduko da Ubillos jauregi aurrean eta handik abiatuko dute kalejira: Foruen enparantzan, Sanjuaniturrian, Kofradian, Erriberan, Beheko Plazan eta Odieta frontoian egingo ditu taldeak geldialdiak.
Orain arte egindako jaialdien balorazio positiboa egin du Oriak. "Oso positiboa da. Irailean hasten gara xaxatzen eta abenduan esaten diegu hurrengo urteko jaialdiaren gaia zein den. Ikaragarria da haurrek nola bizi duten, nahiz eta, agian, gaia ez zaien asko interesatuko. Ohitura bat sortu dugu eta ume hauek ez dute pentsatzen Inauteririk dagoenik Musika Eskolako jaialdirik gabe. Horrek motibatzen gaitu. Pedagogikoki ere interesgarria da. Lan handia egiten da aurretik, eta jaialdia horren azken eztanda da".
Tailerrak
Jaialdi koloretsua behar bezala joan dadin, zenbait tailer eta ikastaro egingo dira datozen egunotan. Mozorroak prestatzeko jantzi tailerrak abian dira dagoeneko, bukatuta ez daudenean. Kalejirarako entsegu irekiak ere egingo dira hilaren 21ean eta 22an, 17:30etik 18:00etara, Torreberrin.
Pailazoetarako sarrerak, bihar salgai
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Tipi-tapa Korrika ikuskizuna ekarriko dute Inauterietan Zumaiara. Hilaren 27an izango da Maria eta Jose ikastetxean eta, ohikoa den bezala, bi saio izango dira: 15:00etan lehena eta 17:30ean bigarrena.
Bi ikuskizun horietarako sarrerak bihar jarriko dira salgai. Aurten, gainera, aldaketak izango dira, bi lekutan izango dira salgai aldi berean:
Alondegian eta Aitzuri frontoian. 17:00etatik 18:30era bitartean izango dira sarrerak salgai.
Bihar saldu gabe geratzen diren sarrerak ostiralean, hilaren 17an, jarriko dituzte berriro salgai, kasu horretan Alondegian, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 18:30era, guztiak agortu arte.
Sarrera bakoitzak 6 euro balioko ditu eta pertsonako gehienez sei sarrera erosteko aukera izango da.