(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak herriko ikastetxeekin batera martxan jarritako Eskolako Agenda 21 programak hamalaugarren edizioa du aurtengoa, eta klima aldaketaren gaia landuko dute oraingoan. Floreaga ikastetxeko eta Xabier Munibeko DBHko mailetan ikastolan, gaia aztertzeaz gain, klima aldaketan gizakiak duen eragina murrizteko kontuan izan beharreko praktika onak ezagutzen ari dira. Izan ere, ikastetxeetan konturatu dira horrelako gaiak gizarte eta zientziako arloetan lantzen direla, batez ere, baina, gehienetan, modu teorikoan geratzen direla, sakondu gabe.
Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, ikastetxearen kudeaketa eta parte-hartzea herrian. Egiten ari diren diagnostikoan, lehenik, ikastetxeak aztertzen hasi dira. Hainbat ekintzen artean, galdetegiak betetzen ari dira, eta, besteak beste, honako galdera hauek erantzuten saiatuko dira: "Lantzen al da klima aldaketaren gaia eskolako ikasgaietan? Planteatzen da gure ikasgaietan klima aldaketak duen garrantzia? Ezagutzen al dugu herrian egiten dena? Ba al dago planik gure eragina murrizteko? Zer egin dezakegu gure aldetik, klima aldaketa gutxitzeko?".
Eskolako diagnostikoa amaitu ondoren, herrikoa egingo dute, hainbat arlo aztertuz: etxeko energia kontsumoen ohiturak eta autoen erabilera aztertuko dituzte; eguraldia aldatzen ari ote galdetuko diote herritarrei; udalak klima aldaketaren kontra neurririk hartzen ote duen ikertuko dute… Diagnostiko guztiak amaitzean, eskolako ekintza plana diseinatu eta ikasturte amaieran egingo duten udalbatza prestatzen hasiko dira. Orduan ezagutaraziko dituzte ateratako ondorio guztiak.