Harrobiko erremintak zorroztu ditu Telmo Deun Arraun Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 2a, 09:48

Zumaiako arraun elkarteak 20 urteko bi batel konpondu eta txukundu ditu Elgoibarko Meka Lankide Eskolarekin lankidetzan. Udaberrian beste ontziren bat berritzeko asmoa du klubak

Telmo Deunen zaharberritutako ontzi bat. (Juan Luis Romatet) Zazpi metroko luzera eta 70 kiloko pisua dute gazte hauek eskuetan izaten dituzten erremintek. Batelak dira harrobiko gazteek arraun munduan hasteko erabiltzen dituzten erremintak. Eta edozein erremintak bezala, hauek ere egoera onean mantendu behar dira emaitza onak izateko. Garbiak, txukunak, zorrotzak. Urteak aurrera joan ahala tresna onenek ere zaharberritzea behar dutenaren jakitun, Telmo Deun arraun elkarteko zuzendaritzak erdoila kendu eta aurpegia garbitu die zenbait ontziri berriro uretaratu aurretik. Elgoibarko ikastetxe batekin lankidetzan egin dituzte berritze lanak. Erreminta hitza erabili du Zumaiako arraun elkartearen harrobiarekin lan egiten duen Felix Aizpuruak batelez hitz egiterakoan. "Harrobia lantzeko erabiltzen diren erremintak dira batelak. 12-13 urterekin ontzi hauekin hasten dira arraunean, ofizialki behintzat". Harrobia lantzeak duen garrantziaz jakitun, eta Zumaiako ontzidiko batel gehienek nerabezaroa aspaldi pasatuta zutela ohartuta, bi ontzi berri erosi zituen iaz Telmo Deun arraun elkarteak. Zaharrak, berriz, tailerrera eraman dituzte txukuntzera. "Aurten bi batel eraman dira: Zumea eta Aitona. Karbono-zuntzezkoak dira, bakoitzak 20 urte baditu". Garbitze eta konpontze lanak Elgoibarko Meka Lanbide Eskolan egin dituzte bertako ikasleek. "Hala, ikasteko modua ere izan dute ikasle gazteek", nabarmendu du Aizpuruak. Zumaian arraunlari izandako Joxe Mari Beristaini esker egin dituzte lanak ikastetxe horretan. "Mekan egiten du lan. Orain bi urte, 2015ean, traineru bat eraman genuen hara. Zumaiara ekarri zen fibrazko lehen trainerua izan zen, eta entrenatzeko erabiltzen zen. Lanen ondoren, polita bakarrik ez, arinagoa ere geratu zen. Egurrezkoak hainbeste ez, baina zuntzezkoak ere uhanditu egiten dira. Gero, urteekin, hainbat pegatina eta pintura arrasto ere izaten dituzte. Horrez gain, kolpeak ere jasotzen dituzte, ibaiko enborren kontra jota eta. Hori ezin da saihestu". Berritutako trainerua iaz Telmo Deuneko B taldeak erabili zuela gaineratu du. Errepaso beharra Batelak lizatu, garbitu eta berriro gorri kolorez margotu dira. "Zenbait pitzadura ere bazituzten eta karbono-zuntzarekin konpondu dira". Orain dela egun gutxi jaso ditu klubak batelak bueltan, eta dagoeneko uretan dira berriro. Udaberrian, agian, beste ontziren bat eramango dutela adierazi du Aizpuruak. "Oraingoz batelak eramango ditugu, nahiz eta beste ontziek, behar duten errepasoa". Gustura dago Aizpurua emaitzarekin. "Harrobia lantzeko erremintak baldintza onean egotea lortu dugu honela". Bizirik dagoen baten izena ez zaio jartzen ontzi bati Berritutako bateletako batek, Aitonak, Karlos Aperribai zumaiarraren omenezko izena darama. 1920an jaioa, arotza eta arraunzale porrokatua zen. Hala du gogoan Felix Aizpuruak: "Arrangoleta parean zegoen ontziola batean egin zuen lana. 1985ean ezagutu nuen, egurrezko arraun, batel, traineru eta abar konpontzen zizkigun. Gero, egunero, klubean lanean egoten zen hamaiketara arte. 1984an bandera guztiak irabazi zirenean han zegoen, eta 1996an ia-ia trainerua zintzilikatu zen urtean ere gure aldamenean egon zen. Txikiteoan zebilela norbait guregatik gaizki hitz egiten hasten zenean, sutan jartzen zen. Eta Kontxan 20. sailkatu ginenean ere gurekin egon zen. 2003. urtean hil zen, baina hamar egun lehenago, remolke azpian etzanda lanean ari zen torlojua lotzen. 2000an trainerilla bat erosi den, jubenilek behar zutelako. Arraunlariek Karlos izena jartzea eskatu ostean, Karlos berari komentatu zitzaion asmoa. Bizi direnen izenik ez dela jartzen, eta berak ez zuela bere izenik ikusi nahi txalupa batean erantzun zuen. Hil ostean, Debako batelari Karlos jarri ordez, Aitona jartzea erabaki zen, bere omenez, baina berak nahi bezala, bere izena jarri gabe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide