Astinduren eta ZUMBen maiatzeko ikuskizunerako entseguak antolatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 1a, 09:37

Bi talde horien kolaborazioarekin amaituko da aurtengo Maiatza Dantzan. Gaur egungo abesti ezagunen gainean egingo dute dantza. 16 urtetik gorako gazteak erakarri nahi dituzte

Lide Aizpurua eta Ane Azkue Astindu taldeko kideak. (Juan Luis Romatet) Azken urteotan bezala, dantzarekin lotutako zenbait ekitaldi eta ikuskizun ekarriko ditu Astindu dantza taldeak maiatzean Zumaiara. Aurtengo Maiatza Dantzanerako badituzte ideiak, oraindik ere erabat lotu gabe badaude ere. Ziur dutena amaierako ikuskizuna zein izango den da: Astindu berak eta Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB) elkarlanean muntatutako ikuskizuna, hain zuzen ere. Maiatzaren 27an egingo dute saio koloretsu hori, Ondartxo plazan. "Bi urtean behin egiten dugu proiektu handi bat. Orain bi urte Musikalak ikuskizuna egin genuen, Grease, Mamma mia eta halakoekin", adierazi dute Astindu dantza taldeko Ane Azkuek eta Lide Aizpuruak. Aurtengo proiektua zehazteko egindako bileretan Bollywood edo Riverdance bezalako ideiak atera zirela aipatu dute, "baina ez genuen dagoeneko ukitutako zerbait egin nahi. Adibidez, Bollywood Getarian egin izan da, eta orain gutxi, Nava Jeevan elkarteak antolatuta Kofradian ere egin zen". Gaur egun irrati bidez entzuten diren abestiak izango dira egingo duten ikuskizunaren bizkarrezurra: Bruno Mars, Coldplay, Pharrell Williams, eta abar luze bat. Hori bai, Bandaren iragazkitik pasatuko dira modako abesti horiek. "Aita Mariren omenezko egunean ikusi genuen zer kontzertu eman zuten. Indartsua izan zen. Estilo horretatik joango da ikuskizuna. Kanta batzuk errepikatuko dira, baina beste batzuk berriak izango dira". Orain bi urte ere ZUMBekin batera egin zuten dantza ikuskizuna. Emaitza ez zen, ordea, oso positiboa izan. Aita Mari eguneko kontzertu hark eraman ditu bi taldeak berriro elkarlanera: "[Bandako zuzendari] Joxe Mari Azkuerekin bildu ginen eta esan genion bi aukera genituela: bat, Korrontzi taldearekin egitea edo, bi, Bandarekin. Esan genion ez genuela betikoa nahi, kaña nahi genuela. Berak esan zigun kaña nahi bagenu,hori izango genuela". Koreografiak sortzeko Donostiako neska bat kontratatu dute: Amaia Bernal. "Celine Illarramendi ordezkatzen egon da eta funky, jazz eta latino estiloak kontrolatzen ditu. Abestiak pasatu dizkiogu, eta ari da dagoeneko koreografiak prestatzen. Ideia mordoa ditu, eta gogo askorekin dago. Edozeinek egiteko moduko koreografia errazak izan behar dute eta bisualki erakargarriak. Musikak ere hori eskatzen du". Gazteak erakarri Hurrengo pausoa ikuskizunean dantza egiteko jendea biltzea da. 16 urtetik gorako neska-mutilei dei egin die, bereziki mutilei, "taldean bi besterik ez ditugu eta". "Denentzat egongo da tokia, inoiz dantza egin ez dutenentzat ere bai". Entseguak astean bitan izango dira: asteazkenetan 19:30etik 21:00etara eta ostiraletan 19:00etatik 21:00etara. Zalantzan egon eta froga egin nahi dutenentzat ere hiru saio izango dira: otsailaren 3an, 8an eta 10ean, Torreberrin. Izena hilaren 10era arte eman daiteke Alondegian (10:00etatik 13:00etara),kulturetxea@zumaia.eus edo astindu.zde@gmail.com helbidera idatzita. "Ea aukeratu dugun musikarekin gazteak erakartzen ditugun".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide