Edgar Rodas arkitektoa eta argazkilaria. (Juan Luis Romatet)
Edgar Rodas guatemalarrak arkitektura du lanbidea eta argazkigintza zaletasuna. Nahita edo nahi gabe, biak uztartzen ditu bere argazkietan, egun hauetan Alondegiko Oxford aretoan zabaldutako erakusketan ikus daitekeen bezala. Eraikinak, galeriak, kaleak eta ateak dira presente. Ate asko, bakoitza bere xehetasun propioarekin.
"Beti agertzen dira ateak nire argazkietan. Beti jartzen dut arreta hauen xehetasunetan, koloreetan. Batzuk pintura altxatuta dute, besteek amaraunak dituzte... Asko gustatzen zaizkit", esan zuen argazkilariak zabaltze ekitaldian. Euskal Herrian igarotako denboran ere ateen argazkiak jasotzen jarraitu duela onartu du.
Ateak jota lortu du Rodasek Zumaian bere lanak erakustea. "Orain bi urte etorri nintzen Euskal Herriko Unibertsitatera arkitekturako master bat egitera. Donostia 2016 egitasmoa zegoen, eta nire lanak erakusteko ate joka hasi nintzen. Ezagun batzuei esker Zumaian erakusketa hau jartzea lortu dut".
Orain hiru urtetik hona egindako lanak zintzilikatu ditu Oxfordeko hormetan. "Guatemalako batzuekin hasten naiz, eta hor sartzen ditut lehen ateak. Ateak arkitekturako parte direnez, eraikinak eta beste azpiegitura batzuekin jarraitu dut miszelanea batekin bukatzeko". "Bildumari izena ematerakoan
Mi alma grita asà (Nire arimak hala egiten du oihu) aukeratu nuen, nire arimak bizitza oihukatzen duelako. Bizitza aurrez aurre dugu, aurrera egiten dugu, baina ez gara xehetasunetaz ohartzen".
Xehetasun horiek dira erakusketako argazkietan antzematen direnak. Ia pertsonen presentziarik ez dago lanetan. "Interneteko nire orrian pertsonen bilduma bat dut, eta asko gustatzen zait, baina erakusketa honetan bizitzan aurki daitezken xehetasunak jaso nahi nituen: kolore biziko hegaztiak, txileak, eraikinak, oihalak, erdoiltzen ari diren azpiegiturak... Hasieran pertsona gehiago zeuden, baina kendu egin nituen". Hurrengo proiektuan, bai, pertsonak izango direla nabarmendu du. "Zazpi bekatu kapitalen inguruan izango da eta hor, bai, pertsonak erabiliko ditut".
Erakusketa otsailaren 12ra bitartean bisitatu daiteke Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan baita eguerdian ere, 12:00etatik 14:00etara.